UIBk kontzentrazioa deitu du Eibarko campusean, 'Indar polizialak hezkuntza esparrutik kanpora!' lelopean

Astelehen honetan 18:00etan egin dute elkarretaratzea, unibertsitateko Egoitza aurrean. Apirilaren 30ean Ertzaintza Eibarko campuseko Egoitzara sartu zen, eta zortzi gazte identifikatu zituen han. UIBk "gehiegikeria poliziala" salatu du, eta "erasoen aurrean antolatzeko deia" egin die ikasleei.
Argazki Nagusia
Argazkia: @EntzunEU
2021eko maiatzaren 3a

Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Eibarko campusean (Gipuzkoa) izandako esku-hartze poliziala salatu du berriki. Apirilaren 30ean ertzainak "Egoitza osoa gelaz gela arakatzen" aritu zirela salatu du UIBk, bai eta hango zortzi pertsona identifikatu zituztela ere.


Erasoa salatzeko, kontzentrazioa deitu dute maiatzaren 3rako, astelehena. 18:00etan Eibarko Egoitza zentroaren aurrean elkarretaratu dira 70 ikasle inguru, Indar polizialak hezkuntza esparrutik kanpora! lelo hartuta. Era berean, "erasoen aurrean antolatzeko" gonbita luzatu diote campuseko ikasleriari.


Ikasleria zelatatuta


Egoitzako arduradunei "indar polizialekin kolaborazio osoz" aritu izana egozten diete UIBko kideek. Bestalde, ikasleek ikasturte hasieratik unibertsitate esparruan "presentzia poliziala" jasan behar izan dutela diote. Dozenaka ikasle isundu dituzte dagoeneko, eta Ertzaintza astero izaten da campus inguruan, UIBk jakinarazi duenez.


Ofentsiba


UIBren esanetan, "COVID-19aren aitzakiapean abiatutako ofentsibaren barnean" kokatzen dira horrelako fenomenoak. Izan ere, ez du uste unibertsitatean hartutako neurriekin "unibertsitateko langile klasearen osasuna" bermatu denik. Kontrara, birusaren hedapenaren ardura "ikasleengan" jarri dela ohartarazi du UIBk, "hezkuntza martxan mantentzearen ondorioen ardura onartu ordez". Horren adibide modura aipatu du EHUk "unibertsitateko kutsatzeak ukatzea", edota "gainontzeko campusetan klasera joateko garraio publikoan inolako osasun bermerik ez egotea".


Iruzkinak

Ez dago iruzkinik