"Antolakuntza eta borrokaren" alde egin du UIBk EHUko errektoretza hauteskundeen aurrean

UIBk jakinarazi du ez duela ez hautagai baten ez abstentzioaren edo boto zuriaren alde egingo EHUko errektoretza hauteskundeetan: "Teknokrata bat besteagatik aldatzeak ez du pasa den asteko irakurketan azaldu genuen ofentsiba geldiaraziko".
Argazki Nagusia
Garbitzaileen eta UIBren elkarretaratze bat, Gasteizen.
2020ko azaroaren 11a

Azaroaren 26an izango dira EHUko errektore berria aukeratzeko hauteskundeak, eta aldez aurreko botoa emateko epea zabalik dago dagoeneko. Unibertsitatean ere langile klasearen baldintza materialen aurkako ofentsiba bete-betean dela gogorarazi, eta bozen inguruko jarrera azaldu du Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB). Ez du hautagaitza bat bera ere babestuko; "antolakuntzaren eta borrokaren alde" egingo du, UIBren hitzetan, "hori baita unibertsitatea aldatzeko bide bakarra".


UIBko kideen arabera, ikasle, irakasle, garbitzaile eta ikerlarien gehiengoak argi du sakoneko politikak ez direla "faltsukeria hutsa den zeremonia" horrekin aldatuko. Azken urteetan bezala, "abstentzioa izango da garaile", haien esanetan. "Ikasle langileak unibertsitatetik bota eta bertako langileen esplotazioa inoiz baino latzagoa bihurtzen ari den testuinguru lazgarri honetan, agintariak kezkatuago daude errektoretza hauteskundeen zirkua behar bezala egitearekin".


ZILEGITASUNIK EZ


Unibertsitateetako organoak "etengabeko zilegitasun krisian" murgilduta daudela azaldu, eta nabarmendu dute ez dietela haiei "inolako zilegitasunik" aitortzen: "Behar izanez gero instrumentalizatu edo presionatu egiten ditugu unibertsitateko langile klasearen aldeko hobekuntzak lortzeko, baina ez dugu inoiz unibertsitatean eman beharreko aldaketetarako bide gisa aurkeztuko gure programan". Joan den astean hasitako kanpainaren bidetik, beraz, antolakuntzari ekiteko deia berretsi dute.