AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: nortexpres.com
2020/07/31 09:50

Tubacexek langileen %20 kaleratuko dituela iragarri zuen duela egun batzuk, eta tartean dira Amurrioko (Araba) nahiz Laudioko (Araba) soldatapekoak. Hain zuzen, 150 behargin kanporatuko dituzte Aiarako bi lantegietan. Horren aurrean, lantegien arteko enpresa batzordeak manifestazio bat deitu du irailaren 17rako, eskualdeko enpleguen defentsan eta kaleratzeak salatzeko.

Agerraldia egin zuten atzo Tubacexeko hainbat langilek, eta salatu zuten enpresako zuzendaritzaren erabakien atzean badela "oinarri bat", "krisi sanitario, sozial eta ekonomikoari erantzuten ez diona". Enpresaren politikaren baitan kokatu dute "eskulana osatzen" dutenen "soldata-kostuak murrizteko" saiakera, helburu argi batekin: "erabakiak hartzen dituztenek eta ekoizpenak beste herrialde batzuetara eramateko erabakiak hartzen dituztenek beren poltsikoak gizentzen jarraitzea". Gogorarazi dutenez, taldean etengabeak dira etekinak, eta Tubacoat, Tubacex InnovaciĆ³n eta Tubacex Upstream Tegnologies enpresen artean banatu dituzte.

"Hondamendia"

Beharginek uste dute kaleratzeak enpresaren "asmoen adierazpen bat" direla, haien "susmo eta beldurrak baieztatzen" dituena. Dei egin dute irailaren 17rako deitutako manifestazioarekin bat egitera, baita etorkizunean egingo dituzten mobilizazioekin ere.

Enpresa batzordeak dio gaur egun "ezin dela aurreikusi" zein eragin izango duten aurreko asteetan argitara atera diren iragarpenek, baina aldi berean, "aurreikusgarria" dela egoera "oso txarra" edota "katastrofikoa" izan daitekeena. Haien eskualde zehatzari dagokionez, azaldu du dagoeneko %15ekoa dela langabezia.