Trenasaren itxieraren aurkako borrokan jarraitzen dute langileek

Atzo protesta egin zuten CAFen Beasaingo egoitzaren aurrean, Castejongo planta ez ixteko eskatzeko. Haiekin elkartasunez, ordubeteko lanuzteak egin dituzte Beasaingo, Irungo, Zaragozako eta Madrilgo langileek. Abenduan Castejongo Trenasa itxi eta 118 langileak kaleratu nahi ditu CAFek.
Argazki Nagusia
Argazkia: Goierriko GKS
2020ko urriaren 22a

Aurrera doa Castejongo (Nafarroa) Trenasa plantako langileen borroka. CAF taldearen parte da, eta enpresako zuzendaritzak irailean jakinarazi zuen lantegia itxi nahi duela abenduan, 118 beharginak kale gorrian utziz. Itxiera iragarpenaren aurrean, mobilizazioei eta grebari ekin zieten langileek.

Atzo, eta greba mugagabea hasi zutenetik hiru aste igaro direnean, CAFen Beasaingo (Gipuzkoa) egoitzaraino eraman zituzten haien aldarrikapenak: Trenasa ez itxi lemapean, protesta egin zuten han. Haiekin elkartasunez, gainera, ordubeteko lanuzteak egin zituzten Beasaingo, Irungo, Zaragozak eta Madrilgo langileek. Larunbatean ere hitzordu garrantzitsua izango da: manifestaziora dei egin dute Castejonen, Trenasaren itxiera salatzeko.

CAFek urriaren 31n kaleratu nahi ditu 118 behargin horietatik gehienak, eta gainontzekoak abenduaren 31n kanporatuko lituzke. Langile batzordeak jakinarazi duenez, enpresako zuzendaritzak adierazi du prest legokeela langileen %60, aldi baterako, beste lanpostu batean sartzeko. Dena den, ez du zehaztu zeintzuk izango liratekeen behin-behineko lanpostu horiek eta zein lantokitan.