Tolosaldeko hainbat emakumek M8rako egitaraua antolatu dute, Tolosaldeko Emakume Langileon Defentsa Taldea martxan jarriz

Tolosan Martxoaren 8rako antolatu duten egitarauarekin, antolakuntzaren beharrizana mahaigaineratu nahi dute eskualdeko hainbat emakumek. Horretaz gain, eman dituzten hausnarketetatik eratorri den antolakuntza forma berri bat aurkeztu dute; Tolosaldeko Emakume Langileon Defentsa Taldea, "emakume langileon interesak eta beharrak erdigunean" jarriko dituena.
Argazki Nagusia
Argazkia: itzalpe.eus
2020ko martxoaren 6a

Tolosaldeko (Gipuzkoa) zenbait emakumek egitaraua prestatu dute Martxoaren 8rako, eskualdean martxan jarriko duten antolakuntza eredu berri bati hasiera ematearekin batera; hala adierazi dute sare sozialetan eta itzalpe.eus atarian argitaratu duten adierazpenaren bidez. Hain zuzen, iragarri dute Tolosaldeko Emakume Langileon Defentsa Taldea jarriko dutela martxan, "egoera zaurgarrienean" aurkitzen diren emakume langileen babesa artikulatu asmoz, eta "egunerokotasunean jasaten ditugun eraso eta zapalkuntzei" erantzuteko tresnak eskaintzeko.

Martxoaren 8aren harira antolatu duten egitaraua "emakume langileon antolakuntzaren beharrizana mahaigaineratzeko" abagune modura aurkeztu dute. Igande arratsaldean hitzaldia izango da; hain zuzen, 17:00etan Tolosako Kultur Etxean. Horren ostean, 19:00etan, elkarretaratzea egingo dute Triangulo plazan.

Emakume langilea, subjektu zapaldua

Argitaratu duten idatzian, emakume langileen zapalkuntzaren inguruan duten ulerkera aurkeztu dute etorkizuneko Defentsa Taldeko kideek. Emakume langileek, "langile izate hutsagatik" jasaten duten "soldatarekiko erabateko dependentzia" aipatu dute funtsezko ezaugarri gisara: "Gure buruaren gainean erabaki ahal izateko gaitasun ekonomikorik gabe geratzen gara". Bestalde, "ideologia matxistak", emakumea "oraindik eta subjektu menderatuago eta ahulduagoa izatea" eragiten duela adierazi dute.

Krisi testuingurua abiapuntutzat

Jarduna krisi testuinguru batean abiatzeak duen garrantzia ere azpimarratu dute antolatzaileek. Hala, "langileon bizi baldintzak okertu besterik egin ez diren" testuinguru horren hainbat adibide jarri dituzte; hala nola, soldataren jaitsiera edota lan partzialen ugaritzea. Egoerari aurre egiteko, "bizi baldintzak hobetzeko borroka eraginkorrak" martxan jartzearen beharra jarri dute erdigunean.