AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Tolosaldeko Ataria
2019/12/13 11:09

Datorren ostiralean, abenduak 20, Tolosaldeko Autodefentsa Laboraleko Sarea aurkeztuko dute Tolosan (Gipuzkoa); 19:00etan kultur etxean. Zapalkuntzei aurre egitea posible da, horretara goaz, izan da aurkezpenera dei egiteko erabili duten leloa. Horrenbestez, aurkezpenera bertararatzeko gonbidapena luzatu diote "interesa edo beharra duen orori".

Argitaratu duten adierazpenean jakinarazi dituzte euren jardunak izango dituen bi lan-lerro nagusiak. Batetik, "langileon arteko elkartasuna antolatuz, lan munduko borrokak hauspotzea" izango da autodefentsa sarearen eginkizuna. Horrela, "babesik gabe aurkitzen diren askorentzako" tresna izateko apustua egingo du.

Bestetik, azaldu dute, "soldatapeko laneko esplotazioari aurre egiteaz gain, gizarteko esparru guztien jabe egiteko prozesu soziala elikatzeko ardura" hartuko duela sareak bere gain. "Gure arteko banaketa gainditzea" bilatzen dute dinamika martxan jarri dutenek; "hala nola, etxebizitzaren, hezkuntzaren, kulturaren eta bestelako auzien gaineko langileon boterea hauspotuz". Hala, soldatapeko lanaren esparruan zein bertatik kanpo, "langilegoaren interesak ezarri ahal izateko botere kolektiboa sortzen joatea" dute helburutzat.

Batasunaren aldeko apustua

"Langabezia altua, kontratu prekarioak, soldaten iruzurrak eta ez ordaintzeak, ordutegi eta erritmo bidegabeak edota abusu zein zapalkuntzak" egunerokotasunean bizi ditugula ohartarazi dute zabaldu berri duten idatzian. "Gehiengoaren esplotazioan oinarritzen den gizarte batean" bizi garela eta, zentzu horretan, "lan mundua boteredunen interesen mende" dagoela diote, "sortzen dugun aberastasuna, egunerokoan lapurtzen digutenen mende", hain zuzen.

Tolosaldean azken urteetan ematen ari diren borrokak "poztekoak" direla aipatu dute Tolosaldeko Autodefentsa Laboraleko Sareko kideek; esaterako, autobus gidarien, grafika eta papergintzako langileen, zaintza lanetan dabiltzanen, edota pentsionisten borrokaldiak. Dena den, soldatapeko lanaren esparruan, "borrokatzeko gaitasunik gabe" aurkitzen den sektore asko dagoela azpimarratu dute. Gainera, "posizio sozial berdinean gaudenok elkar babestu beharrean, gure artean lehiatzen" nahi gaituztela adierazi dute. Horren aurrean, ohartarazi dute "bateratuta jardutea" dela "esplotazioari aurre egiteko bide bakarra", "inpotentzia indibiduala gainditzeko potentzia kolektiboa sortzea".

Autodefentsa laboralaren beste adierazpen bat

Soldatapeko lanaren esparruan autodefentsa antolatzea helburu duten sareak loratzen ari dira Euskal Herrian. Iruñerriko (Nafarroa) Langileen Autodefentsa Sarea da aitzindarietako bat, dagoeneko hainbat garaipen bizkar gainean dituena. Aurten, baina, beste zenbait txokotan jarri dituzte martxan langile autodefentsarako tresnak; hala nola, Beharginon Autodefentsa Sarea Durangaldean (Bizkaia), Lubaki Langile Elkartasun Sarea Bergaran (Gipuzkoa), edota Bilboko Langile Autodefentsa Sarea Bilbon (Bizkaia).