AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Ecuador Etxea
2019/07/01 19:26

1969ko ekainaren 27ko gauean hasi ziren lau egun iraungo zuten istiluak: Sylvia Rivera trabestiak aurre egin zion Poliziari, botila bat botaz, Stonewall Inn tabernan. Enegarren sarekada zen pertsona marginalizatu eta arrazializatuen aurka. Birjabetze kolektiboak gogora ekarri duen gisan, “ahalik eta jende gehien atxilotu eta lege moral burgesaren baitan epaitzea” zuten helburu. Orduko hartan, ordea, moral burges haren aurka altxatu ziren auzokideak eta bertako trabesti, drag queen, gay txiro, marginalizatu eta arrazializatuak, “butches-ak”… Alegia, “ongizate burgesean bizitzeko dirurik ez eta metropoliko ghettoetan bizitza aurrera atera behar zutenak”.

Matxinada hori ere garaiko testuinguruan ulertu behar da, 1960ko amaiera eta 1970ko hasierako giroan: besteak beste, Vietnamgo gerraren eta haren aurkako mobilizazioen garaia zen, Black Panther nahiz Black Power bezalako mugimenduena, hiri errebolta eta istiluena. Aurreko hamarkadetako sub-urbanizazio prozesuak zeuden oinarrian, hiria gizarte burgesaren interesetara zatitu zutenak: jabego pribatuko familia bakarreko etxebizitzaz osaturiko auzo burgesak batetik, eta “marjinetako auzoak” bestetik, pertsona arrazializatu eta proletarizatuen bizilekuak.

“Ez da kasualitatea errebolten hasiera Stonewalleko taberna hartan eman izana, gay komunitateko pertsona pobre eta marginalizatuenak joaten baitziren”, oroitarazi du Birjabetze kolektiboak: “Ez zen kasualitatea izan, ezta ere, erreboltetan protagonismo handiena pertsona arrazializatuek eduki izana, eurak baitziren hiriaren antolamendu burgesetik guztiz kanporaturik zeudenak”. Birjabetze kolektiboa: “Silvia Riveraren botila jaurtitze hark beti sinbolizatuko du queer pertsonen autoantolakuntza prozesuaren hasiera, langile klasearen sektore marginalizatu gisa”.

Sistemak “asimilatu eta partzializatutako” memoria

Historia luzea du aniztasun sexualaren eta praktika homosexualen kontzepzioak; Itaia emakume sozialisten sareak nabarmendu duenez, esaterako, “soldatapeko lanak exijitzen duen lan indarraren bermea izango zen familia nuklearraren sustapena ekarri zuen” kapitalismorako prozesuak, Erdi Arotik zetorren diskriminazioa sakonduz.

Gaur egun, aldiz, “kapitalismoak merkantilizaziorako beste gune bat gehiago bilatu du LGTB mugimenduan”, Itaiaren hitzetan. Birjabetze kolektiboak, berriz, azaldu du “mugimendu burgesek asimilatu, partzializatu eta sektorializatu” egin nahi izan dutela gertakari haren memoria. Antzeko ohartarazpenak egin dituzte LGTB kolektiboko mugimendu ugarik ere, besteak beste, Bilbao Bizkaia Harro jaialdiaren harira.

Stonewalleko gertakarien baitan mobilizazio ugari

Testuinguru horretan, Euskal Herrian ere mobilizazio jendetsuak egin zituzten Ekainaren 28aren harira, LGTB+ kolektiboaren borroka aldarrikatzeko; besteak beste, Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Baita herrietan ere. Kaleak hartzeaz gain, sare sozialetan ere mobilizazio hauen presentzia handia bermatu dute aipatu kolektiboek.