AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Gasteizko Sidenorreko langileak ekoizpena gelditzen. Argazkia: ELA Gasteiz
2020/03/18 17:50

Burdingintza industrialeko Sidenor enpresan ere planto egin du langilegoak, Covid-19 birusaren kutsatzetik eratorritako arriskuaren aurrean. Ondorioz, Gasteizko (Araba) eta Basauriko (Bizkaia) lantegiek jarduera eten dute, modu progresiboan. Itxialdia gutxienez martxoaren 23ra arte luzatzea aurreikusi dute langile batzordeek.

Lanpostuetan "eskularru falta" eta "lanabesen partekatzea" egon dela agerian utzi dute beharginek. Horren aurrean, "kutsatzea ekiditeko beharrezkoak diren neurriak hartzea" exijitu diote zuzendaritzari. Patronalak erantzukizuna bere gain hartu ezean, geldialdiari eutsiko diotela jakinarazi dute langileek.

Domino efektua

Sidenor ere batu da, hortaz, Hego Euskal Herrian Covid-19 birusaren aurrean langileen osasuna arriskuan jartzeagatik itxiarazi dituzten enpresen zerrendara. Etenaldi guztiak beharginen presioak eragin ditu; izatez, sindikatuen hitzetan, "patronalak ez du langileen osasuna bermatzeko borondaterik erakutsi".

Nafarroako automozioaren buruzagitzan aurkitzen den Volkswageneko langileak izan ziren lehenetarikoak. Jarraian, Gasteizko (Araba) Mercedes Benzekoak ere batu ziren, eta ondoren, besteak beste, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) eta Gasteizko Michelin lantegiek egin zuten planto. Gero CAF ere geldiarazi zuten Irunen (Gipuzkoa) eta Beasainen (Gipuzkoa), eta gauza bera gertatu zen Laudioko (Araba) Tubacexekin, Amurrioko (Araba) Tubos Reunidosekin, eta Berantevillako Aernnovarekin.