SGE enpresako langile batzordeak greba eta mobilizazioak gauzatu ditu azken astean

Mobiliziazio eta greba deialdien bidez, ordaindu ez dizkieten soldatak ordaintzea eta hitzarmen kolektiboaren inguruko negoziazioa irekitzea lortu nahi du SGE enpresako langile batzordeak. Aurreko astean abiatu zuten greba, eta aste honetan, mobilizazioak egin dituzte enpresako atarian.
Argazki Nagusia
Argazkia: ELA
2019ko ekainaren 4a

SGE Quality Services enpresak Arazuri Poligonoan (Nafarroa) kokatuta daukan lantokian, beharginei ez dizkiete ordaindu aurtengo apirileko soldatak eta abenduko aparteko ordainsariak. Horren aurrean, mobilizazio faseari hasiera ematea erabaki dute langileek; maiatzaren 27an eman zieten hasiera greba deialdiei eta mobilizazioei. Pasa den astean, txanda bakoitzeko, ordu bateko lanuztea egin zuten, eta baita Gestamp enpresaren aurrean elkarretaratzeak burutu ere. Hemendik aurrera ere mobilizazioekin jarraitzea aurreikusi dute.

Volkswagenentzat eta horrek azpikontratatzen dituen enpresentzat egiten du lan SGEk. Arazuriko lantokian, gaur gaurkoz, 150 langile ditu soldatapean lanean.