AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2019/04/30 12:38

Nafarroako Gazte Topaketak egingo dituzte apirilaren 26an eta 27an, Berriozarren. Antolatzaileek zabaldu duten oharrean azaldu dutenez, “gaur egun kapitalismoak bizi duen krisi testuinguruan, langileriaren antolakuntzaren beharra inoiz baino handiagoa da”. Horregatik, Nafarroako gazte asanbladek eta bestelako gazte kolektiboek, “behar berdinaz jabetuta”, elkartzeko apustua egin dute.

Pasa den urteko apiriletik hona Iruñerria mailan emandako hausnarketetatik jaio da ekimena. “Lokalismoarekin apurtu eta herrialde mailan sarea zabaltzearen beharraz” jabetu dira; hala, Nafarroako Gazte Topaketak antolatu dituzte, “herrien arteko elkartasuna antolatzea, proiekutak ezagutzea, indartzea, eta nola ez, Nafarroa mailan sarea ehuntzea” helburu jarrita.

“Jakin badakigu pauso txiki bat besterik ez dela, bide luze horren lehenengo urratsa, baina aurrera egiteko ezinbestekoa”, gehitu dute. Beraz, batetik, gazte langileen problematikari heldu eta hori “era integral batean” garatzeko beharrezko elementuak kolektiboki eztabaidatuko dituztela adierazi dute. Bestetik, “borroka komunitate sendo bat” eraiki nahi dute, eta baita sufritzen dituzten zapalkuntzak aztertu, saretu eta borroka integral baten bidean pausoak eman ere.

Aurkeztu duten egitarauaren baitan, gaurkotasuneko gaien inguruko eztabaidak eta borrokak martxan jartzeko tartea izango dutela iragarri dute. Gaien artean, gazte problematika, tailerrak, apustu etxeak, etxebizitza eta gaztetxeak daude. Besteak beste, eskaintza kulturalerako tartea ere izango da. Gainera, Errotxapeako Gaztetxean auzolana egiteko dei ere egin dute.

Topaketek iraungo duten egunetan, parte hartzaileentzat otorduak eskainiko dituzte, eta baita lotarako lekua egokitu ere. Nafarroako gazte guztiak gonbidatu dituzte topaketetan parte hartzera, haien artean ezagutzeko, elkartuz indarrak biderkatzeko eta saretzea aurrera eramateko pausoak emateko.