AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Iruñerriko IAS
2020/04/06 10:54

Adierazpen baten bidez, salbuespen egoeran "bigarren hezkuntzan diharduten langile klaseko ikasleek bizi duten egoera" salatu du Iruñerriko (Nafarroa) Ikasle Autodefentsa Sareak. Besteak beste, irakaskuntza metodoa, baliabideak, ikasleek dituzten zailtasunak edota egungo ziurgabetasun egoera izan dituzte hizpide.

IASeko kideek azaldu dutenez, Covid-19 birusaren hedapena dela-eta, martxoaren 16an ekin zioten Nafarroako heziguneak ixteari, eta horrek "airean utzi" zuen ikasturtea. "Egun batzuen (eta kasu batzuetan, aste batzuen)" buruan ezarri zuten urrutiko irakaskuntza metodoa ikastetxeek, eskolekin jarraitu asmoz. Neurri horrekin, ordea, ez zuten kontuan izan "baliabide faltaren" ondorioz klaseak "metodo horren bidez jasotzeko zailtasunak izan ditzaketen ikasleen kopuru nabarmena".

BALIABIDEAK

Izan ere, IASen esanetan, "ikasle guztiek ez dute ordenagailu bat eskura", edo "ez dira etxean ordenagailua behar duten bakarrak". "Gaur egun asko dira etxean arazoak dituzten ikasleak, izan internetera sarbiderik ez dutelako, nahikoa espazio ez dutelako, edota etxea berotzeko zailtasunak dituztelako". Hortaz, argitaratutako hainbat daturen arabera, hamarretik lau dira urrutiko irakaskuntza metodoa "modu egokian aurrera eramateko arazoren bat" duten ikasleak.

ZALANTZAK ETA ZIURGABETASUNA

Bestalde, metodo horrekin "edukia ulertzeko eta zalantzak argitzeko" sortzen diren zailtasunak aipatu dituzte IASeko kideek. "Ikaskuntza prozesua nabarmenki zailtzen da, are gehiago gurasoak lanera joan behar diren familien kasuan, eta haiek ez dutenean seme-alabetaz arduratuko den eta euren zalantzak argitzen lagundu dezakeen inor", diote.

Gainera, gogoan izan dute bigarren batxilergoko ikasleek bizi duten "ziurgabetasun egoera": oraindik ez dakite noiz egingo duten selektibitatea, ez eta zein egokitzapen izango diren material kurrikularrean.

ARRAKALA

Salbuespen egoeran ikastetxeek ezarritako irakaskuntza metodoak, beraz, "banaketa" eragin du metodo hori "mantentzeko gaitasunak dituztenen eta proletarizatuen dauden ikasleen artean", Iruñerriko Ikasle Autodefentsa Sareak salatu duenez.

"Inoiz baino atomizatuago gauden eta hezkuntza sistemaren izaera burgesak ikasle langileak eta beren familiak albo batera uzten dituen une honetan", "klase elkartasuna" aldarrikatu dute IASeko kideek, "egoerari aurre egiteko gai den printzipio bakarra izaki". "Ikasle langileon betebeharra da, inoiz baino gehiago, langile klaseko familien beharrei erantzungo dieten alternatibak eraikitzea, pausoz pauso hezkuntza sistemaren izaera burgesa neutralizatzeko borrokatuz", gaineratu dute.