AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Burlatako Gaztetxeko kideek Printzari elkartasuna adierazteko ateratako argazkia. Argazkia: Burlatako Gaztetxea
2019/08/26 21:30

Nafarroan kokatutako gutxienez hiru langile kontrol espazio erasotu dituzte abuztuan; Zizur Nagusiko Esparru gaztetxea, Burlatako Gaztetxea eta Larraungo Printza. Duela bi egun gertatu zen azken erasoa; Esparru Gaztetxearen 14. urteurrenean, urtero bezala, okupazioaren irudia margotu zuten hainbat pertsonak. Bizilagunen batek udaltzaingoari hots egin zien; hala, Esparrura sartu ziren udaltzainak, gaztetxeko kideen atzetik.

Haiek azaldu dutenez, ateari ostikada bat eman ostean sartu ziren, "jarrera harroarekin". "Azalpenik eman gabe", gaztetxeko sei kide identifikatu zituzten, Guardia Zibilarekin elkarlanean. Izan ere, udaltzainek deituta bertaratu zen gaztetxera Guardia Zibila. Bestalde, gunean zegoen materiala lapurtu zuten poliziek.

Burlatako Gaztetxea ere poliziak erasotua

Burlatako Gaztetxeko kideek abuztuaren 16an eman zuten gertakarien berri; udaltzainak goiz horretan sartu ziren gaztetxera. Hala, gunea miatu zuten, baita bertan zegoen guztiari argazkiak atera ere. Horretaz gain, gaztetxeko bi kide identifikatu zituzten.

Printza, birritan jopuntuan

Larraungo Printzan ere salatu dituzte erasoak hilabete honetan. Abuztuaren 5ean jakinarazi zuten bertako baratza kaltetu eta leihoak harriz apurtu zituztela hainbat pertsonak. Uztaila amaieran ere jopuntuan izan zuten Printza; gauez, gunearen ate nagusiko zerraila lehertu eta barrura sartu ziren zenbait pertsona. Hala, kalteak eragin zituzten bertan; hala nola, ate bat apurtu zuten, baita beheko solairuan su itzalgailu bat hustu ere.

Gertakarien aurrean, hamaika izan dira erasotutako langile kontrol espazioei eragile zein beste espazio batzuek adierazitako elkartasun keinuak.

EZ DAGO IRUZKINIK