AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Pikutara
2020/12/07 09:57
Hainbat eta hainbat lagunek bat egin zuten ostiralean, abenduak 4, Lizarrako (Nafarroa) Pikutara mugimendu antierrepresiboak antolatutako elkarretaratzean. Pikutarako kideek azaldu dutenez, azken hilabeteetan 30 pertsona baino gehiago identifikatu dituzte Lizarran jardun politikoa egiten ari zirela.

Pikutarak ohar bat zabaldu berri du sare sozialetan, eta bertan nahiz ostiraleko protestan salatu dute, bereziki, Lizarrako Udaltzaingoaren jarrera oldarkorra. Izan ere, hamar pertsona baino gehiagori ezarri diete isuna udaltzainek.

Talde antierrepresiboko kideek adierazi dutenez, Lizarrako Udalaren "garbiketa ordenantzak" aukera ematen die udaltzainei, kartelak eta pankartak ipintzeagatik, isunak jartzeko. Ordenantza kritikatzeaz gain, Pikutarak gaitzetsi du udalak inolako argudiorik gabe utzi duela bertan behera isun bati lotuta aurkeztutako helegite bat, hainbat froga barne hartzen zituena.

Bestalde, duela zenbait aste Lizarrako gazte batek jasandako mehatxuak ere salatu zituzten ostiralean. Udaltzain batek esan zion, hain zuzen, "jendea aurrean zegoelako ez zuela kolpatuko".

Mobilizazioaren amaieran, martxan duten erresistentzia kutxa ekonomikoaren balioa azpimarratu zuten Pikutarako kideek, eta autodefentsarako mekanismoak antolatzeko deia luzatu zuen.