Petronorreko langileek grebari ekin diote gaur

Bederatzi egunez egingo dute greba Muskizko Petronorreko beharginek, 354 langileri eragingo dien lan-erregulazioko espedientearen aurka. Horretaz gain, langileek salatu dute, besteak beste, zuzendaritzak ez dituela adostutako kontratazioak bete.
Argazki Nagusia
Argazkia: ELA
2021eko ekainaren 11a

Gaur hasi dute greba Petronorren Muskizko (Bizkaia) findegiko langileek, eta ekainaren 20ra arte luzatuko dute. Zuzendaritzak ezarritako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientearen aurka egingo dituzte lanuzteak beharginek; izan ere, espediente horrek 354 langileri eragingo die, urte bukaerara arte. Neurri horren bidez enpresako zuzendaritzak are gehiago "malgutu" nahi ditu lan-baldintzak, langileek salatu dutenez.

Hori gutxi balitz, jakinarazi dute zuzendaritzak ez dituela azken akordioan adostutako kontratazioak bete, eta "bereizi" egin nahi dituela kontratatutako azken beharginen eta gainerakoen lan-baldintzak.

Mobilizazioak gaur eguerdian hasi dira, eta borrokan dauden beste lantoki batzuetako langileekin batera aterako dira kalera datozen egunetan. Gasteizera (Araba) ere egingo dute martxa bat, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean protesta egiteko.

Espedientearen zioa kolokan

Espedientearen helburua gaur egungo lan taldea txikitzea da, heren bat, hain zuzen ere. Langile batzordeko kideek diotenez, "ekoizpenarekin eta antolaketarekin" lotutako auziei heltzea baino, lan-harremanak "iraultzea" eta langileengan "babesgabetasuna" nagusitzea bilatzen du zuzendaritzak.

Izan ere, aparteko orduak egin behar izaten dituztela eta lan-karga handia dela —mantentze lanak eta isuri batekin lotutako lanak, besteak beste— azpimarratu dute langileek.


Iruzkinak

Ez dago iruzkinik