AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkiak: Ecuador Etxea, @ChloeRebillard, @EkhiErremundegi
2020/01/14 19:03

Bi urte dira aste honetan pentsiodunen mugimenduak hainbat udalerritako udaletxeen aurrean elkartzen hasi zirela. 2018. urtean Espainiako Gobernuak onartutako %0,25eko igoera salatzeko eta "pentsio duinak" eskatzeko hasi ziren mobilizatzen, eta astero jarraitu dute aldarria kaleratzen. Atzo ere egin zituzten mobilizazioak Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta hainbat udalerritan. Bilbon, esaterako, urtarrilaren 30eko greba orokorrean parte hartzeko deia zabaldu zuen Bizkaiko mugimenduak: "Ez gara geldituko".

Bi urteotan, besteak beste, 1.080 euroko gutxieneko pentsioak eta 1.200 euroko gutxieneko soldata, gizonen eta emakumeen pentsioak berdintzea eta 2011ko eta 2013ko erreformak baliogabetzea eskatu diete Nafarroako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari, hainbat bidetatik. Gaur, %0,9ko igoera iragarri du PSOEk eta Podemosek osatutako gobernuak, iazko KPIa erreferentziatzat hartuta.

Manifestazioa Baionan

Ipar Euskal Herrian ere ari dira pentsioen aldeko borrokan; zehazki, Frantziako Gobernuak iazko irailean iragarritako erreformaren aurka. Aldaketa horrekin, lan-bizitzaren luzatzea, pentsioen jaitsiera eta pentsioen pribatizazioa bultzatu nahi ditu Emmanuel Macronen gobernuak, kapital akumulazioa handitzeko Nazioarteko Diru Funtsaren eta Europar Batasunaren politikei jarraiki.

Erreforma iragarri zutenetik, etengabe mobilizatu dira langileak. Hainbat greba egun egin dituzte joan den irailetik; trenbideetako langileek, esaterako, 40 egunetik gora daramate greba mugagabean. Gaur, 1.500 lagun inguruk manifestazio bat egin dute Baionan, sindikatuek deituta, pentsioen erreformaren aurka.