AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: @halabedi
2019/12/12 11:20

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pentsiodunek hitzordu garrantzitsua dute gaur, osteguna, Gasteizen. Goizean goiz abiatu dira hainbat autobus leku ezberdinetatik; Gipuzkoatik, esaterako, 18 autobus bete dituzte, eta 23 Bizkaitik. Gaurkoan, Eusko Legebiltzarraren atarira heltzea eta aldarrikapenak bertara eramatea dute helburu.

Pentsiodunen plataforma bateratuak adierazi bezala, aldarrikapen zehatzak Madrilgo Gobernura eramateko eskatuko diote Eusko Legebiltzarrari: 1.080 euroko gutxieneko pentsioak, gizonen eta emakumeen pentsioak berdintzea, 2011. eta 2013. urteetan eginiko erreformak baliogabetzea, eta abar. Hala ere, Eusko Legebiltzarrak eskaera horietako batzuk egikaritzeko "eskumen eta ahalmen nahikoa" duela ere adierazi dute plataformako kideek.

Bi urtez borrokan

Ia bi urtez jardun dute borrokan pentsiodunek. Besteak beste, astelehenero egiten dituzte elkarretaratzeak Euskal Herriko hainbat udalerritan; jada, 100 astelehen baino gehiago daramate mobilizazioak egiten. Horretaz gain, dozenaka manifestazio bateratu eta Madrilera eginiko martxa gogoangarriak izan dira.