AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Elkarretaratzea Donostian.
2020/05/21 09:07

Patxi Ruiz preso politikoak hamar egun daramatza gose eta egarri greban, eta hamaikagarren egunari heldu dio jada. COVID-19ak irekitako agertokian presoen eskubideen defentsan egindako protestak zirela-eta, mehatxatu egin zuten Murtzia II-ko kartzelazainek nahiz zuzendaritzak, eta heriotza mehatxuak ere egin zizkion 8. moduluko buruak. Hala, gose eta egarri grebarekin erantzun zuen Ruizek. Abokatuetako baten arabera, 8. moduluko funtzionario nagusia kendu dezatela da bere aldarrikapen nagusia grebari dagokionean, eta hasitako borrokaldia berretsi du uneoro.

1,80 metro izanik, 60 kilo pisatzen ditu orain, eta dagoeneko arazo larriak ditu ikusteko, ibiltzeko, hitz egiteko, lo egiteko, edota arreta zentratzeko. Atzo elektrokardiogama bat egin zion espetxeko erizainak, eta mediku batek artatu zuen. Ez zen aurretik bera artatzeari uko egin zion eta iraindu zuen medikua, eta atzo, "tratu ona" jaso zuela adierazi zuen txantrearrak. Dena den, oraindik ez diote utzi konfiantzazko medikuekin egoten.

Ruizek uko egin dio barneko seruma jartzeari, Auzitegi Nazionalaren auto judizial batek agindu eta ospitale batera eraman ezean. Abokatuetako batek azaldu duenez, ez du kartzelako erizaindegian seruma sartzerik nahi, beldurra ematen baitio han zainetatik sartu diezaioketenak.

Murtzia II-ko zuzendaritzak ez du abokatuekin biltzeko asmorik erakutsi oraindik, eta AAEAMek atzo jakinarazi zuenez, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak txosten klinikoak bidaltzea eskatu dio kartzelari, baita hartutako neurrien berri ematea ere. Izan ere, ezarrita dauden protokoloak baztertu eta, orain arte, ez du inolako txostenik igorri.

BORROKALDIAREKIN AURRERA ESPETXEETAN

Ruizekin elkartasunean, preso politiko ugari batu dira borrokaldira gose eta egarri greba hasi zuenetik. Uneotan, "txapeoa" egiten ari dira Ibai Aginaga (Sevilla II) eta Jon Kepa Preciado (Kordoba), eta janariaren erretiluari uko egiten ari dira Dani Pastor, Oskar Barreras, Aitor Cotano (Puerto III), Irantzu Gallastegi (Huelva) eta Iñaki Etxeberria (Topas, Salamanka). Bestalde, txandakako barau-egunak egiten ari dira Saioa Sanchez eta Itziar Moreno (Rennes), eta aldizkako baraualdiei ekin die Orkatz Gallastegik (Castelló I).

GOSE GREBAK ARABAN, BIZKAIAN ETA NAFARROAN

Lizarran (Nafarroa) txandakako gose greba hasi dute zazpi gaztek, Ruizi elkartasuna adierazteko.

Atzo, Araban 44 militante sozialista batu ziren hilaren 18an lau kidek Gasteizen (Araba) hasitako txandakako baraualdira. 48 orduko gose greba izango da, eta beste zortzi lagunek 24 orduko baraua egin dute. Laudioko (Araba), Legutioko (Araba), Zalduondoko (Araba) nahiz Maeztuko (Araba) militanteek hartu dute parte ekintzan. Gainera, Gasteizen aurretik gose greban ziren lau kideetatik hiruk 48 orduz luzatu dute baraualdia, atzo jakinarazi zutenez.

Etxarrin (Nafarroa) bi pertsonak hasitako gose grebara batu dira Etxarriko Gazte Asanbladako kideak. 48 orduko gose grebak izango dira, txandaka. Altsasun (Nafarroa) ere aurrera doaz txandakako barauak, launaka.

Ezkerraldean (Bizkaia) gose greban jarraitzen dute AAEAMeko hiru kidek, Ondarroan (Bizkaia) txandakako gose grebarekin aurrera doaz hamabost lagun, eta Deustuko Armada Gorriko kideek 24 orduko txandakako barauekin segitzen dute.

MOBILIZAZIOAK GAUR ERE

Areagotzen ari dira protestak Euskal Herriko kaleetan, eta herri askotan egunero egingo dituzte mobilizazioak egunotan.

Ondorengo deialdiak egin dituzte gaurko:

  • Algortan (Bizkaia), 20:00etan Txiki eta Otaegi plazan.
  • Barakaldon (Bizkaia), 20:15ean Bide Oneran.
  • Beasainen (Gipuzkoa), 20:00etan Bideluze plazan.
  • Berangon (Bizkaia), 20:00etan errotondan.
  • Bilbon (Bizkaia), 20:30ean Santiago plazan.
  • Donostian (Gipuzkoa), 20:15ean Bulebarrean.
  • Durangon (Bizkaia), 20:00etan Santanan.
  • Erromon (Bizkaia), 21:30ean Xake enparantzan.
  • Etxarrin, 20:00etan plazan.
  • Hernanin (Gipuzkoa), 20:30ean Gudarien plazan.
  • Mutrikun (Gipuzkoa), 20:30ean errotondan.
  • Ondarroan, 11:30ean eta 20:00etan Alamedan.
  • Oreretan (Gipuzkoa), 20:30ean Zumardian.
  • Urruñan (Lapurdi), 19:30ean biribilgunean.
  • Zornotzan (Bizkaia), 20:00etan Patatan.

Argazkietan: Gasteiz, Altsasu, Burlata (Nafarroa), Bilbo, Txantrea (Iruñea, Nafarroa), Mendillorri (Iruñea, Nafarroa), Leitza (Nafarroa), Lizarra, Portugalete (Bizkaia), Irun (Gipuzkoa), Arrigorriaga (Bizkaia), Barañain (Nafarroa)...

EZ DAGO IRUZKINIK