Kaleratze bat salatu dute Orozkoko Artiachen

Lanuzteak egin dituzte Orozkoko (Bizkaia) lantegian, abuztuan lankide bat kaleratu zutela salatzeko. "Barruko eskirolak" erabiliz, enpresak grebarako eskubidea urratu diela ere ohartarazi dute.
Argazki Nagusia
Artiacheko langileen elkarretaratzea, kaleratze bat salatzeko.
2020ko irailaren 16a

Pasa den asteko elkarretaratzeen ondoren, bi orduko lanuzteak egin dituzte txanda bakoitzean Orozkoko (Bizkaia) Artiacheko langileek, bi egunez, kide baten kaleratzea salatzeko. Enpresak abuztuaren 20an kaleratu zuen behargin bat, diziplina bidea baliatuta. Bi orduko lanuzteak egin zituzten astelehenean eta asteartean, eta atzo ekoizpena gelditzea lortu zutela nabarmendu dute beharginek.

Enpresa, ordea, grebarako eskubidea urratzen ari dela ohartarazi dute, "barruko eskirolak erabilita". Produkzioa geratzea lortu ondoren, enpresak protestak eraginik gabe uzteko eskirolak baliatu dituela salatu dute enpresa-batzordeko kideek, eta haietako batek salaketa jarri du Bilboko (Bizkaia) Lan Ikuskaritzan.

Duela bi urtetik ari dira Artiacheko langileak kaleratzeen aurkako borrokan; aurrez, besteak beste, sei langilek auzitara jo zuten "kaleratze desegokiengatik". Langileek ohartarazi dute ez dutela kasu bakar bat ere "erantzunik gabe" utziko.