Ondarroa BHIko ikasleek azterketak bertan behera geratzea lortu dute

"Ez-ohiko ikasketa prozesuak ez-ohiko ebaluazio-irizpideak" eskatzen zituela iritzita, Ondarroa BHIko ikasleek hainbat eskakizun egin zituzten apirilean. Besteak beste, hirugarren ebaluaketako azterketak bertan behera geratzea eskatu zuten, eta babesa lortu eta zuzendaritzarekin mintzatu ostean, neurri hori ezartzea lortu dute. Aurrerantzean ere ikasleen defentsan aritzeko asmoa erakutsi dute.
Argazki Nagusia
2020ko maiatzaren 26a

Ondarroako (Bizkaia) Ondarroa BHI ikastetxeko ikasleek ebaluazio-sistema "justuago baten" aldeko borroka abiatu zuten konfinamendu garaiaren hasieran. Hain zuzen, batxilergoko lehen mailako ikasleek aldarrikatu zuten "ez-ohiko ikasketa prozesuak ez-ohiko ebaluazio-irizpideak" eskatzen zituela.

Apirilean egindako eskaeren artean, hirugarren ebaluaketako azterketak bertan behera geratzea eskatu zuten. Ikasleek eskakizunak helarazi, babesa lortu eta Ondarroa BHIko zuzendaritzarekin hitz egin ostean, zuzendaritzako kideek eta irakasleek aintzat hartu dituzte eskaera horiek, eta erabaki dute azterketak bertan behera uztea. Hala, orain arte egindako lanen bidez ebaluatu dituzte ikasleak. 

Garaipen honekin, aurrerantzean ere Ondarroan ikasleen defentsan jarduteko prestutasuna adierazi dute borrokan aritu diren ikasleek.