Nafarroako hezkuntzako garbitzaileak gobernuak ezarritako %100eko gutxieneko zerbitzuen aurka mobilizatu dira

Nafarroako garbitzaileek greba eginen dute apirilaren 13tik 16ra, haien eskakizunak jasoko dituen hitzarmen berri baten alde. Nafarroako Gobernuak greba oztopatzeko %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dizkiela salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur Nafarroako Hezkuntza Sailaren egoitzaren aurrean, eta protestarekin bat egin dute Ikasle Abertzaleakeko eta Itaiako kideek.
Argazki Nagusia
Hezkuntza sektoreko garbitzaileak, IAko eta Itaiako kideekin batera Hezkuntza Sailaren egoitzan. Argazkia: Gedar
2021eko apirilaren 8a

Nafarroako garbitzaileek grebara jotzeko erabakia hartu zuten apirilaren 6an, murriztutako lanaldiak handiagotzearen, ordainketen KPIaren gaineko igoeraren nahiz baja-osagarrien eta horien ordainketa osoa berreskuratzearen alde egiteko.

Nafarroako Gobernuak %100eko gutxieneko zerbitzuak inposatu dizkie hezkuntzako garbitzaileei, haien greba egiteko eskubidea zapuztuz. Beharginak Nafarroako Hezkuntza Sailaren egoitzaren aurrean bildu dira gaur protesta egiteko, eta Ikasle Abertzaleakeko eta Itaiako kideak bertaratu dira langileen askatasun politikoak babesteko. 

Izan ere, hitzarmen kolektibo berria adosteko prozesuan dago garbiketa sektorea Nafarroan eta, patronalaren jarrera ikusita —eskakizunak onartu ez eta "mahai negoziatzailetik altxatu" baitziren otsailaren 4an—, beharginek lanuzteei ekingo diete apirilean zehar. Zehazki, apirilaren 13tik 16ra eginen dute greba eta hura luzatu edota mugagabe bihurtu daitekeela ere jakinarazi dute.