Mikel San Sebastian preso politikoak ere uko egin dio janariaren bandejari, Patxi Ruizekin elkartasunean

Murtzia II espetxean dute preso Mikel San Sebastian lesakarra. Patxi Ruizek hasitako borrokaldiarekin bat eginez, janariaren bandejari uko egiten hasi da, Dani Pastor, Oskar Barreras eta Aitor Cotano preso politikoak bezala. "Txapeoa" egiten ari dira Ibai Aginaga eta Jon Kepa Preciado preso politikoak ere.
Argazki Nagusia
2020ko maiatzaren 14a

Gaur, maiatzak 14, laugarren eguna egingo du gose eta egarri greban Patxi Ruiz preso politikoak. Goizean kazeta honetan jaso dugun gisara, presoen eskubideen defentsan eta protesta modura txantrearrak hasitako borrokaldiarekin bat egin dute hainbat preso politikok: maiatzaren 12tik, janariaren bandejari uko egiten ari dira Dani Pastor, Oskar Barreras eta Aitor Cotano, eta "txapeoari" ekin diote Ibai Aginagak eta Jon Kepa Preciadok. Aginagak hirugarren eguna du zeldatik atera gabe, eta Preciadok gaur hasi du protesta.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak jakinarazi duenez, borrokara batu da Mikel San Sebastian preso politikoa ere: lesakarra uko egiten ari da kartzelako janariaren bandejari. Murtzia II-n dute giltzapean, Ruiz bezala, eta 12 urte daramatza preso.

Bestalde, Euskal Herriko kale ugari hartu dituzte elkartasun keinuek, eta gose greban jarraitzen dute AAEAMeko lau kidek.