AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Larraungo Printza
2019/12/10 17:24

Estreinakoz egin dituzte aurten Mendialdeko Gazte Topaketak, Nafarroa iparraldean. Abenduaren 6ko arratsaldetik abenduaren 7ko ilunabarrera bitarte iraun zuten topaketek, Argirik gabeko bideak etorkizunik ez du izenpean. Lekunberriko Printza Gune Autogestionatuan elkartu ziren Irurtzun, Arakil, Larraun, Betelu, Leitza, Malerreka, Bortziri eta Baztan inguruko gazteak. "Elkar ezagutzeko, ikaspenak elkarbanatzeko, hausnartzeko eta lan egiteko" aukera izan dute bertaratutakoek, eta ekimenaren inguruko balorazio "oso positiboa" egin dute.

Elkar ezagutzeko eta herri bakoitzeko gazte mugimenduari buruz hitz egiteko baliatu zuten aurreneko eguna. Horretarako, ezagutza jolasekin hasi, eta Inguruko gazte asanbladen egoera aztergai izeneko mahai inguruarekin jarraitu zuten. Ondoren, Araitz-Beteluko Alaitz eta Leire Olano ahizpen kontzertuak girotu zuen iluntzea.

Larunbat goizean gogoz ekin zioten egunari gazteek. Gosaria hartu ostean, "formakuntza eta hausnarketa kolektiboari" ekin zioten. Talde eztabaida egin zuten horretarako, testu bat oinarri hartuta. "Gizartearen egituraren eta errealitatearen inguruko hausnarketak" partekatu zituzten, azalpen orokor batekin hasita lehenengo, eta talde txikietan eztabaidatuz, ondoren. Arratsaldean, aldiz, Printzako azpiegitura berritzeko eta egokitzeko lanetan aritu ziren, auzolan deialdiari erantzunez.

Lehenengoa bai, baina ez azkena

Topaketak errepikatuko direla esanez amaitu zuten eguna parte hartzaileek, helburuak betetzat jota, eta "norberak bere herrian borrokatzen jarraitzeko gogoberriturik".

Bestalde, eskerrak eman dizkiete topaketak aurrera eraman zitezen laguntza eman duten kide guztiei; hala nola, azpiegitura ahalbidetu dutenei, larunbatean bazkaria prestatu zutenei, edota modu batera edo bestera Mendialdeako Gazte Topaketetan parte hartu dutenei.