Manifestazioa egingo dute gaur Ibaetan, bart polizia-indarrak campusera sartu izana salatzeko eta askatasun politikoak aldarrikatzeko

Ertzaintza bart sartu da Ibaetako campusera, ikasleak astelehenean birjabetutako espaziotik kanporatzeko. Ikasle guztiak identifikatu, miatu eta kaleratu zituzten ertzainek, operazio erraldoi baten bidez. Gertatutakoa "askatasun politikoen aurkako eraso bat gehiago" dela azaldu du UIBk, eta "EHUren campus polizial izaera" salatu du. "Unibertsitateko askatasun politikoen urraketa larria da EHUk poliziari unibertsitatera sartzea ahalbidetzea. Unibertsitateko jardun politikoa etetea eta unibertsitateko langile sektoreen kontrola beste helbururik ez du horrek", gaineratu du.
Argazki Nagusia
Argazkia: UIB
2021eko otsailaren 25a

Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) astelehenean birjabetu zuen Zorroaga aretoa Ibaetako campusean (Donostia, Gipuzkoa), lan politikoa egin ahal izateko espazio faltari aurre egiteko. Izan ere, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU-UPV) iaz kendu zion ikasle mugimenduari jardun politikorako baliatzen zuen gunea.

Zorroagara sartu ostean, UIBko kideak hainbatetan bildu ziren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko (HEFA) dekanotzarekin nahiz Gipuzkoako errektoreordetzarekin. Haiek, ordea, errektoretzara bideratu zuten auzia. Errektoretza astearte arratsaldean elkartu zen Leioako campusean (Bizkaia), baina UIBk azaldu zuenez, ez zuen "auziari konponbiderik emateko borondaterik" erakutsi.

Astearte gauean, gainera, HEFAko dekanotzak UIBko kideei esan zien Zorroaga aretoko sarrera ixteko agindu zuela. Itxiera mehatxuari aurre egin eta gaua fakultatean igaro zuten ikasleek.

BERMERIK EZ

EHUk atzo helarazi zien ohar bat ikasleei, baina UIBko kideek salatu zutenez, dokumentu horretan ez zuen "inolako bermerik ematen" ikasleei espazio bat uzteko, "ez epeei ez espazioaren aukeraketari dagokionez". "Horregatik, Zorroaga aretoan geratzea erabaki dugu", adierazi zuten atzo gauean ikasleek. "Erabaki hau haiek behartuta hartzen dugu, ez digutelako proposamen zehatzik aurkeztu, ez eta bermerik ere".

POLIZIA OPERAZIO ERRALDOIA

UIBk 22:30ak aldera jakinarazi zuen campusera sartu zirela polizia-indarrak. Ertzaintzaren unitate ugari mugitu ziren HEFA ingurura eta, barruan, "erresistentzia baketsua antolatzeari" ekin zioten ikasleek. Barrura sartu zen orduan Ertzaintza, eta ikasleei ohartarazi zien "desobedientziatzat" joko zuela haiek aretotik haien kabuz ez irtetea.

Hala ere Zorroagan eutsi zioten ikasleek, eta banan-banan altxarazi eta kanporatu zituzten poliziek. Guztiak identifikatu zituzten, bai eta miatu ere.

ASKATASUN POLITIKOEN URRAKETA

Bart gertatutakoa "askatasun politikoen aurkako eraso bat gehiago" dela adierazi dute UIBko kideek. Ikasturtea "ikasle gelaren itxierarekin hasi" zutela eta ordutik "konponbide bat bilatzen saiatu" diren arren, EHUren "ezezkoa" baino ez dutela jaso azaldu dute, ordea. Hortaz, "gela hartzeko pausoa" eman zutela diote, eta "horren aurrean", "poliziari deitu eta campusera sartzeko baimena eman" diola EHUk.

UIBren esanetan, hainbat aldarrikapen egin ditu campusean ikasturtea hasi zenetik, besteak beste, "unibertsitatean lan politikoa egiteko baldintzak bermatzea", "campusean poliziaren presentziarik ez izatea" eta "kontrol sozialerako mekanismoak murriztea". "Eskakizun horiek inoiz baino lehentasun handiagoa dute", gehitu du.

UIBko kideek gogor salatu dute "EHUren campus polizial izaera": "Unibertsitateko askatasun politikoen urraketa larria da EHUk poliziari unibertsitatera sartzea ahalbidetzea. Unibertsitateko jardun politikoa etetea eta unibertsitateko langile sektoreen kontrola beste helbururik ez du horrek".

Seinalatu dute "unibertsitateko langile sektoreen baldintzak okertzeko ofentsibaren" barruan gertatzen direla "askatasun politikoaren bortxaketa horiek". Egoera orokortu horrek "lehen lerroan jartzen du langile sektoreen baldintza materialen defentsa egitea", UIBren arabera.

Horretarako, baina, "antolakuntza artikulatzeko bermeak" ezinbestekoak direla dio eta, "horregatik", "azpiegituraren gaineko langile sektoreen kontrola babestuko" duela. Horretaz gain, "kontrol soziala eta errepresioa amaitzea eta askatasun politikoen bermea" aldarrikatu ditu.

MANIFESTAZIOA GAUR EGUERDIAN

UIBk mobilizatzera dei egin du gaur Ibaetan, polizia-indarrak campusera sartu izana salatzeko eta askatasun politikoak aldarrikatzeko. Manifestazioa 13:00etan irtengo da Aulariopetik.