M8: historiaren irakaspenak gaurkotuz

ARTEKA HILABETEKARIA | "Martxoaren 8az hitz egiten hasteko interesgarria da mende batzuk atzera egin eta egun horren sorreraren testuinguru ekonomikoa, soziala eta politikoa ulertzea. Izan ere, XVIII-XIX. mendeetan izan zen industrializazio prozesuak emakumeak ekoizpen prozesuan betetzen zuen posizio sozialaren aldaketa eragin zuen...".
Argazki Nagusia
2020ko apirilaren 19a

PDF euskaraz - PDF en castellano

ITAIAREN HITZAURREA

Aspalditik interesa sortzen duen gaia da gizartearen forma ekonomikoaren eraldaketa prozesuarena. Horrek erreferentzia egiten die krisi testuinguruan lanaren mundua jasaten ari den aldaketei: sistemaren muga objektiboak nabaritzen ari gara. Horren adibide da azken urte edo hamarkadetan sistemaren oinarri den esplotazioan ematen ari den aldaketa kualitatiboa, batez ere, gero eta langile gutxiagok gero eta gainbalio handiagoa ekoitzi behar dutelako. Etekinak mantentzeko beharrek, beraz, eskutik dakarte langileriaren pobretze gero eta nabariago bat: esplotazio mailaren gorakada, soldataren debaluazioa... Egoera zehatz horren analisia beharrezkoa da klase konposizioa jasaten ari den transformazioa ulertzeko, eta era berean, klase dominazioaren adierazpen zehatzek hartzen duten forma ulertzeko.

Horren jakitun eta dagokigun gaiari helduz, esan genezake, emakume langileon egoerak forma anitz hartu izan dituela historian zehar. Momentu historiko bakoitzak, noski, bere azterketa zehatza eskatzen du, eta egungoak ere bere bereizgarri propioak dituela esan genezake: 1970eko hamarkadatik aurrera, lan merkatuan sartu diren emakumeen kopurua gizonena baino altuagoa izan da. Emakume horietako gehienek eskulan zerbitzuetan, osasun jardueretan eta pertsonen zaintzari lotutako sektoreetan lan egiten dute. Era berean, lanaldi partzialeko lanen %73 emakumeek egiten dituztela esan beharra dago, kualifikazio ezak eta familia betebeharrak direla medio. Jakina, lanaldi partzialeko enpleguen orduko irabazia lanaldi osokoena baino %30 txikiagoa da. Beraz, eta sektore horien feminizazioa dela eta, batez besteko irabaziak desberdinak izan ohi dira emakumeen eta gizonen artean. Horri, nola ez, eskutik dakarren ofentsiba kulturala ere gehitu behar diogu, emakume langileon kasuan biolentzia matxistaren forma hartzen duena, bere adierazpen guztietan.

Egoera horrek aspaldi mahaigaineratu zuen auzia lantzearen premia. Horren aurrean, aipatzekoa da feminismoak mundu mailan izan duen gorakada eta emakume sektore zabalak mobilizatzeko izan duen gaitasuna. Aitzitik, egiaztatzen ari da egoerari buelta emateko ezintasun nabaria; salaketa andana azaleratu badu ere, horiek lortzeko beharrezko gaitasunen antolaketa lortu ez duenaren seinale.

Horrek guztiak, estrategia sozialistaren lehen lerroan kokatu du Euskal Herrian ere emakume langileon zapalkuntzaren auzia. Hori horrela, gaia optika proletario batetik lantzeko ahalegin teorikoak azken urtean nabariak diren arren, beharrezkotzat jotzen dugu, praktika politikorako urratsa prestatzen hastea. Badakigu emakumeen egoera lazgarriak ez duela paraleloki haien kontzientziaren garapena ekarriko, eta beraz, subjektu horren potentzia askatzeko, beharrezko premisa dugu antolakuntza tresnetan asmatzea. Hots, emakume langileen heziketa politikoa helburu izango duten masa espazioak sortzen hastea dagokigu. Bizi baldintzen eraldaketa bat borrokatzeko gaitasuna izango duten erremintak izan behar dute, langileria antolatuaren indarren araberako esperientzia praktikoaren prozesua baita euren kontzientzia garatzeko forma bakarra.

Antolakuntza garapen horretan beharrezkoa izango dugu historiaren ikerketa sakona egitea. Alegia, azken mendeetan garatu den langile mugimenduaren analisi kritikoa berebiziko jarduna dugu, erreferentzia historikoetatik beharrezkoak diren irakaspen politikoak atera asmoz. Kasu zehatzean, langile mugimenduek emakumearen auziaren aurrean hartutako erabaki politiko eta organizatiboek asko dute esateko. Horri erantzutera dator hurrengo erreportajea: komunismoa helburu izan zuten antolakundeek emakumearen auziaren gainean harturiko ebazpenei hautsa kentzera eta horien gaurkotasuna mahaigaineratzera.

M8: HISTORIAREN IRAKASPENAK GAURKOTUZ. ERREPORTAJEA

Martxoaren 8az hitz egiten hasteko interesgarria da mende batzuk atzera egin eta egun horren sorreraren testuinguru ekonomikoa, soziala eta politikoa ulertzea. Izan ere, XVIII-XIX. mendeetan izan zen industrializazio prozesuak emakumeak ekoizpen prozesuan betetzen zuen posizio sozialaren aldaketa eragin zuen.

Garai haietako aurrerapen teknikoei eta makinaria berriei esker, merkantzia gehiago ekoitz zitekeen denbora gutxiagoan, eta ondorioz, merkantzien ekoizpen kostuak merkatu ziren, kapitalisten etekinak handituz. Makinak gizon helduaren jarduera batzuk ordezkatzen hasi ziren, aurrerapen teknikoak tarteko, ez baitziren horren beharrezkoak gizonaren fisiologiari erantzuten zieten hainbat ezaugarri. Era berean, burgesiari baliagarriagoa egin zitzaion emakumeen eta haurren eskulana, merkeagoa baitzen haien lan indarra. Esaterako, irundegiak emakume beharginez beteta zeuden. Sozialki onartuta zegoen emakumeei gutxiago ordaintzea, eta, beraz, bertatik ateratako etekina handiagoa zen burgesentzat.

Industria iraultzaren eraginez, emakume langilea masiboki txertatu zen ekoizpen prozesura, eta hortaz, fabriketara. Horrek hainbat ondorio izan zituen antolatzen hasia zen proletargoaren eraketa politikoan. Batetik, emakumea ekoizpenean murgiltzeak gizarte kapitalistaren bidegabekeriak are gehiago bistaratu zituen. Emakume langileak jabetu ziren bizitza politikoan parte hartzeko aukera ukatzen zitzaiela, eta ukatutako subjektua zirela. Hala, gizon langilearen eskubide berdinak izateko beharra eta grina azaleratu zituzten. Bestetik, emakume langilearen parte hartze politikoaren ukazioak proletalgo osoaren gaitasun politikoak murrizten zituen, lantokietan hain altua baitzen emakume langileen presentzia, ezen fabrika askotan ez zela posible aldarrikapenak aurrera eramatea emakume proletarioen babes politikorik gabe. Langile mugimenduan parte hartzeko
beharra agerikoa izan arren, emakume beharginek kasu askotan ez zeukaten langile alderdietan parte hartze aktiboa izateko antolakuntzarako tresna garaturik; ez taktika definiturik, ez antolakuntza markorik…

Alexandra Kollontaik esan zuen bezala, une hartan "generorik gabeko boto eskubidea" ez zen langileen borrokaren zati integrala; izan ere, alde batetik, ordura arte emakume langileak etxean giltzapetuta zeuden nagusiki, eta bestetik, langile alderdietan ideologia burgesaren eragina nabaria zen oraindik.

Joera antagonikoak

Kapitalismoak emakumearen egoera objektiboan eragindako aldaketek emakumearen auzi modernoaren sorrera eragin zuten, emakumeen artean antagonikoak ziren posizioak azaleratuz. Boto eskubideari dagokionean, emakume burgesen joera zen boz eskubidearen bitartez haien senarren parera heldu eta ondasunez modu askean gozatu nahi izatea; emakume langileek, aldiz, errealitate soziala bere osotasunean iraultzeko gaitasun politikoa eskuratu nahi zuten.

Emakume guztien arteko batasun politikoa aldarrikatzen zuten talde edo espazio politikoetan ez zituzten inolaz jorratzen emakume proletarioen beharrak nahiz interesak, eta horrek, emakume langilearen zapaldu izaera eta egoera betikotzea zekarren.

Bi joera horien artean erabaki behar zuten emakume proletarioek: emakume guztien artean eskubide politikoen eta sozialen aldeko borrokan inplikatu ala langileriaren auto-antolakuntzaren baitan emakume langileen beharrak borrokatzeko tresnak sortu. Auto-antolakuntzaren bidegurutzea hartu zuten emakume langileek, eta  elkarrekin lan egiteari ekin zioten.

Urratsak eta lorpenak

Urtetik urtera, gora egin zuen langile mugimenduan emakume desjabetuen parte hartzeak. Ingalaterran, 1888-1889 urte artean, mugimendu sindikala erradikalizatuz joan zen, gizon zein emakume proletarioz osatuta egotera igaroz. Hogei urtean nabarmen igo zen sindikatuetan emakumeen kopurua: 37.000 emakume egotetik, 167.000 emakume izatera pasatu ziren. Gainera, emakumearen sindikalizazioa ukatzen zuten sektoreetan, emakume langileen egitura propioak sortu zituzten. 1906. urtean, Emakume Langileen Federazio Nazionalaren sorrera bultzatu zuen Mary Macarthurrek, eta 2.000 kide izatetik 20.000 izatera igaro ziren urte gutxian.

Alemanian, 1892. urtetik aurrera, Klara Zetkinek zuzendutako Berdintasuna izeneko aldizkaria argitaratzen hasi ziren. Boto eskubide unibertsalaren aldeko defentsa politikoa egiteaz gain, lege baztertzaileen abolizioa galdegiten zuen Berdintasunak. Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata izan zen bere programa politikoan emakumeen boto eskubidea txertatu eta horren aldeko kanpainiak antolatu zituen bakarra Europan. Horrek ahalbidetu zuen alderdiaren barruan emakumeek haien espazio eta behar materialak borrokatzeko tresna organizatiboak eskuratzea. Urteek aurrera egin ahala, ikaragarri egin zuen gora emakume militante sozialisten kopuruak: 1905. urtean, 4.000 emakume zeuden langileen alderdian, 1908. urtean 29.458, eta 1910. urtean 82.642.

Halaber, azpimarratzekoa da AEBetan emakume proletarioek erakutsitako indarra, eta gogora ekartzekoa da Lucy Parsons. Emakume beltza zen Parsons, eta langileriaren askatasun osoaren alde dena eman zuen militantea. Haren esanetan, "arraza eta genero zapalkuntza klase esplotaziotik eratorritako opresio forma zehatzak dira". Horregatik, langile klaseko emakume beltzen eta txurien arteko batasun politikoa aldarrikatzen zuen. Pauline Newman eta Rose Schneiderman ere emakume sozialistak ziren, eta haien borrokei esker boto eskubidearen aldeko borrokaren klase-ertain izaera irauli eta langileriaren borroka sufragista artikulatzen hasi zen. 1908. urtean, Alderdi Sozialistak emakumeen komisio nazionala sortu zuen, boto eskubidearen aldeko borroka helburu zuena.

Emakumeen antolakuntzarako goranzko joera horrek, helburu zehatzen eta horiek erdiesteko tresnen identifikazio eta garapenaren beharra azaleratzearekin batera, emakumeen arteko mundu mailako harremanak ezartzeko aukera mahaigaineratu zuen. Eta ez zioten aukera horri ihes egiten utzi, egoerak eskatzen zuen konpromisoaz jabetuta, antolakuntzaren bidean urratsak egiten jarraitu zuten munduko hainbat txokotako emakume sozialistek. Horren adibide dira emakumeen konferentzia propioen antolaketa nahiz Emakume Sozialisten mundu mailako konferentzietan landutako edukiak eta ezarritako erronkak.

Emakume Sozialisten Mundu Mailako Lehenengo Konferentzia 1907. urteko abuztuan izan zen, Stuttgarten. Bi helburu zituen: lehena, emakume sozialista antolatuen arteko harreman iraunkor eta egonkorrak garatzea, eta bigarrena, emakumeen bozka eskubidearen aldeko borroka.

Aurreneko helburuari begira, mundu mailako ordezkaritza bat sortzea erabaki zuten. Bertara, herrialde bakoitzeko emakume sozialisten mugimenduaren egoera jasoko zuen analisi bat bidali beharko zuten. Ordezkaritzaren egoitza Alemanian egotea adostu zuten, Stuttgarten. Horretaz gain, Alemaniako Alderdi Sozialdemokratako Berdintasuna izeneko emakume sozialisten aldizkaria emakume sozialisten mundu mailako zabalpen eta adierazpen organoa izatea adostu zuten. Era berean, alderdi sozialisten barruan emakumeen organoak egotea proposatu zuten. Haien aburuz, horrek ekarpen interesgarriak egingo zituen antolaketa eremuan nahiz eremu politikoan. Dena den, konferentzian salatu zuten, emakume proletarioen egoera politiko eta soziala ezin larriagoa izan arren, gizonezko proletarioak oraindik ez zirela horretaz erabat kontziente, eta beraz, alderdiaren baitan emakumeen espazioak egoteak alderdiaren baitako gizonei presioa egitea ahalbidetu zezakeela, emakume langilearen egoeraren aurkako borrokan parte hartze aktiboa izan zezaten.

Horretaz guztiaz gain, gaur egun gogora ekarri beharrekoa da 1910. urtean Kopenhagen egindako Emakume Sozialisten Mundu Mailako Bigarren Konferentzia ere. Klara Zetkinek mundu mailako emakume langilearen eguna antolatzea proposatu zuen orduko hartan. Emakume langilearen egunaren sorrera, une koiuntural huts bati lotutako erreakzioa izatetik urrun, langile alderdiek markatutako pauso taktikoa izan zen. Hain zuzen, emakumeen mugimendu sozialistaren garapenaren emaitzetako bat izan zen Martxoaren 8aren sorrera.

Egungo testuingurua

Behin historiak utzitako zenbait zertzelada berrikusita, goazen egungo egoera behatzera. 2008-2009 urteetatik gaur egunera arteko testuingurua krisi testuinguru gisara ulertu izan da. Baina zer da krisi testuingurua eta zein dira horren eragin sozialak?

Krisia bere forma ekonomikoan eta ikuskera kapitalistan, akumulaziorako ezgaitasunean definitzen da. Kapitalaren osaera organikoa haziz doan heinean, kapital konstanteari are eta gainbalio gehiago gehitu behar zaio; hau da, kapital konstantean egiten den inbertsioa gero eta handiagoa izan behar da, gainbalio masak jaisteko joera izan arren. Horrela, ekoizpena handitzean, merkantzien balioa jaitsi eta lan indarraren balioa jaistea lortzen da, soldatak murriztuz. Metaketak jarrai dezan, kapital aldagarrira bideratutako gainbalio zatia murrizten da. Une horretatik aurrera, Paul Mattickek dioen bezala, "kapitalaren patua proletalgoaren pobretzearen gain dago".

Burgesiaren klase interesak langileen pobretze absolutuaren lepotik soilik asebete daitezke, krisi momentuetan etekina lortzeko mantendu beharreko gainbalioa lortzeko forma bakarra langileen esplotazio gero eta basatiagoan oinarritzen baita. Beraz, ordura arte baldintza aburgesatuetan bizitako langileriaren zati handi batek bere azalean ezagutuko ditu bizi baldintzen kaskartzeak. Hau da, bere azalean ezagutuko du proletarizazio prozesua: etxebizitza propioa izateko ezintasuna, oinarrizko elikaduran murrizketak egin behar izatea, prekarietate emozional eta soziala, lan baldintza eskasak, behin-behinekotasuna bizitzaren alor guztietan, osasungintza zerbitzu eskasagoak... Bestela esanda, proletarizazio prozesua gaitasun ekonomikoaren murrizketa eta pobreziaren areagotze zuzena da.

Gaur egungo gizartea proletarizazio prozesu bete-betean sartuta dago, eta une horretan beharginen lan baldintzak etengabe okertzen dituzten esplotazioaren forma gero eta perfekzionatuagoak agertzen dira: lan partzialak, kontraturik gabekoak, praktika kontratuak, ikasketa dualak... Egoera horrek, oraindik ere egoera lazgarriagoan uzten ditu emakume langileak.

Lan feminizatuenetan edo esku lanera mugatzen diren lanetan beharginen baldintzak miserableak dira gaur egun ere. Esanguratsuak dira azken urteotan piztu diren borroka guztiak, esaterako, erresidentzietako langileenak edota garbiketako langileenak. 6.700 lagun aritzen dira Gipuzkoako garbikuntza sektorean eraikinak eta lokalak garbitzen; horietatik 1.500ek baino gehiagok enpresa ituna dute. Gainontzekoei, 5.000 baino gehiago, Gipuzkoako hitzarmena ezartzen zaie. Garbikuntzan diharduten langile gehienek –%85– eraikin eta lokalen garbiketan dihardute; gainontzekoek, kale garbiketan. Emakumeak dira nagusi eraikin eta lokalen garbiketan –%80–, alde handiz. Aldiz, kale garbiketan aritzen diren ia lagun guztiak gizonezkoak dira –%80 baino gehiago–. Lanaren sexu-banaketa oso nabarmena da, beraz, garbikuntzaren sektorean. Horrek soldata arrakala eragiten du, sektore feminizatuetako langileen kaltetan. Gipuzkoako garbikuntzan, adibidez, %28ko aldea dago kale garbiketako eta eraikin eta lokalen garbiketako langileen artean.

Proletarizazio prozesuaren ondorioz ireki den ofentsiba kulturala ere aipatzekoa da, batez ere, biolentzia matxistaren gorakadarako sortu diren baldintzak direla-eta: 2019. urtean, gutxienez lau emakume izan ziren erailak Euskal Herrian, EHko Emakumeen Mundu Martxaren datuen arabera. Feminicidio.net atariaren arabera, aldiz, 99 izan ziren 2019. urtean Espainiako Estatuan gizon baten eskutik eraildako emakumeak. Egunero irakur daitezke hedabideetan sexu jazarpenak jasan dituzten emakumeen albisteak, talde bortxaketenak...

Bidea, egiteko

Emakume langileen bizi baldintzen okertzearen eta horren aurrean sortzen ari diren proposamen politiko –feminismo hegemonikoa– mugatuen aurrean, gaia ikuspegi proletario batetik lantzeko hautua egin dute ildo sozialista elikatu nahi duten antolakundeek. Testuinguru ekonomiko eta sozialak –krisia eta proletarizazio prozesua– emakume langilearen eta, batez ere, emakume proletarioen bizi baldintzak nabarmen txarrera egitea eragin du. Emakumeen zapalkuntza ikuspegi proletariotik lantzeak, auzia gizartearen dominazio estrukturaren funtzio gisa identifikatzea dakar. Finean, osotasunaren baitako auzi gisara kokatzearen beharraz ari gara, auziaren lanketa egungo errealitate sozialaren analisitik abiatuz.

Analisi historikoek berebiziko garrantzia dute prozesu iraultzaileetan. Interesgarria eta aberasgarria da langile mugimenduak dituen ehunka urteen analisi kritikoa gauzatzeko gaitasunak lortzea eta horretan jardutea, bertatik ateratako irakaspen politikoek ekarpen nabarmena egingo baitute etortzeko dauden borroka prozesuetan eta estrategietan. Egungo egoerak analisi propioa exijitzen du, baita taktika eta estrategia berriak ere.

Horrela zioen Klara Zetkinek:

"La revolución mundial no significa únicamente la destrucción del mundo y del capitalismo, significa también la construcción del mundo y la creación del comunismo. Inspirémonos en el significado real del mundo: preparémonos y preparamos a las masas, con el fin de que quizás se conviertan en las creadoras mundiales del comunismo." La organización de las mujeres trabajadoras (1922)