M3aren eta M8aren harira, 'Langileok Haustura Politikoa' jardunaldiak antolatu dituzte Laudion

Gasteizen abian dagoen dinamikarekin bat egin, eta aste osoa iraungo duen egitaraua prestatu dute Laudioko Gaztetxeak eta Aiaraldeko Ikasle Abertzaleakek. Ekimenen artean, Gasteizko dinamika eta martxoaren 3rako deitu duten bloke propioa aurkeztuko dituzte. Bestalde, autodefentsa sareen inguruan zein emakume langileen autodefentsaren beharraren inguruan hausnartzeko tartea izango da aste honetan.
Argazki Nagusia
Argazkia: @AiaraldekoIA
2020ko martxoaren 2a

Otsaila hasieran eman zuten Elkartasunetik, klase batasunera ekimenaren berri Gasteizen (Araba), eta Langileok Haustura Politikoa dinamikarekin bat eginez, egitarau propioa antolatu dute Laudion (Araba). Laudioko Gaztetxearen eta Aiaraldeko Ikasle Abertzaleaken eskutik, gaurtik igandera bitartean izango dira jarduerak.

Gaur, hilak 2, 1976. urteko martxoaren 3ko gertakariei zein gaur egungo erronkei buruz arituko dira Kultur Etxeko Arraño Gelan, 19:00etan. Horretarako, Gasteizko Langileok Haustura Politikoa dinamikan parte hartzen ari diren hainbat kide izango dira Laudion, egitasmoa bera eta martxoaren 3rako Arabako hiriburuan deitu duten bloke propioa aurkezteko.

Hala, bihar, martxoak 3, blokean batzera dei egin dute aiaraldearrek. 18:00etan irtengo da zutabe, Rafa plazatik (Gasteizko Gaztetxearen ondoan).

Autodefentsa aztergai

Bestalde, Laudioko egitarauarekin jarraitzeko, ostegun honetan, hilak 5, ikasle autodefentsa sareen inguruan hausnartzeko tartea irekiko dute. Kultur Etxeko Arraño Gelan izango da saioa, 17:30ean. Horretarako, Gasteizko Ikasle Autodefentsa sareko kideak gonbidatu dituzte.

Ostiralean, aldiz, elkarretaratzea egingo dute Lamuza plazan, 11:00etan. Martxoaren 8aren harira egin dute deialdia. Gero, Emakume langilearen autodefentsaren beharraz tailerra izango dute Arraño Gelan.