AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: LIAS
2020/01/18 01:17

Lizarraldeko Ikasle Autodefentsa Sareak sendo ekin dio 2020. urteari: batxilergoa euskaraz ikasteko eskubidea bermatzea helburu, autobusen auzian esku hartzeko borrokari heldu diote LIASeko kideek Lizarrako (Nafarroa) Remontival ikastetxe publikoan. Inguruko hainbat herritako ikasleak biltzen ditu Remontivalek; hala, A eta G ereduetako ikasleei ikastetxera joateko eta etxera itzultzeko garraio publikoa eskaintzen die Nafarroako Gobernuak. D eredukoek -ikasgai guztiak euskaraz dituztenek-, ordea, ez dute aukera hori.

34 orduko ikasketa jardunaldiak dituzte D ereduko gazteek; gainerako eredukoek, baina, 30 ordukoak. Hala, ikastetxetik beranduago irteten dira batxilergoa euskaraz egiten dutenak, eta ateratzen direnerako, ez dute autobus zerbitzurik. Ikasle haien familiek, beraz, haien poltsikotik ordaindu behar izaten dute etxera bueltatzeko garraiobidea.

Aurrez aurre

Sortutako ezinegona zela-eta, 2015-2016 ikasturtean, D ereduko ikasleen egoera salatu zuten Ikasle Abertzaleakeko kideek. Hala, ikastetxeko ateetan kateatu ziren hainbat pertsona. Garai hartan salatu zutenez, "gain kostu handia" eragiten die D ereduko ikasleen familiei garraiobidearen arazoak, eta askok "zailtasunak izan ditzakete kostu horiei aurre egiteko".

LIAS eta esku hartzea

Oraingoan, Remontival ikastetxeko zuzendaritzari eskutitz bat helarazi berri dio Lizarraldeko Ikasle Autodefentsa Sareak. Bertan azaldu dutenez, batxilergoa euskaraz egiteak "hilabetero 100 euro baino gehiago ordaindu" behar izatea eragiten die ikasle eta familiei. Hala, "arazoari konponbidea emateko" eskatu du LIASek, eta ibilbide horretan, aurreneko pauso modura, elkarrizketa mahaia sortzea proposatu die zuzendaritzako kideei.

Mahaian bi ikaslek, ikasle ohi batek eta zuzendaritzako kideek egon beharko luketela diote sareko kideek, eta "beharrezkoa" ikusiz gero, baita irakasle batek ere. Amaitzeko, zuzendaritzak datorren astean zehar erantzuna helaraztea espero du LIASek, "hainbat urtetan luzatu den arazoari behin betiko irtenbidea emateko" garaia dela iritzita.

Borrokarako prest

2018-2019 ikasturtean sortu zuten Lizarraldeko Ikasle Autodefentsa Sarea. Ikasturte amaieran, "autodefentsa eta elkartasuna ardatz", "erantzun bateratuak" emateko hautua berretsi zuten kideek. Orain, erronka berria dute parez pare, eta gogotsu hasi dute bidea.