AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/05/02 17:20

Lizarraldeko (Nafarroa) hainbat herritako militanteak batzen ditu M1: Hamaika zapalkuntza, borroka bakarra plataformak. Martxoaren amaieran, izen berdinaren pean aurten antolatu duten dinamika aurkeztu zuten. Alarma egoera ezarrita zegoen dagoeneko, eta beraz, dinamikak barne-biltzen zituen hitzaldien formatua moldatu beharko zutela jakinarazi zuten antolatzaileek. Aldaketak aldaketa, ordea, egitaraua mantendu du plataformak, "klase kontzientzia garatzeko" eta "proletalgoaren sektore desberdinak (emakumeak, ikasleak, etorkinak, gazteak, pentsionistak...) batzeko" bidean ekarpena egiten jarraitzea helburutzat hartuta.

ONLINE LANKETA

Plataformako kideek azaldu dutenez, "kaleen militarizazioa eta errepresioaren areagotzea" nagusitu diren eta "fisikoki biltzeko eskubidea ukatua izan den" testuinguru honetan, sare sozialen bidez egin behar izan dute aurtengo Maiatzaren Lehenari begira prestatutako lanketa. Hitzaldiei dagokienean, egitarauak zehaztutako egun berean, hitzaldi bakoitzari zegokion testua atera dute argitara sare sozialetan. Hala, saio horretan jorratzekoa zen edukia eskuratzeko eta irakurtzeko aukera izan da.

KLASE FEMINISMOA, KLASE KONTZIENTZIA ETA ASKOZ GEHIAGO

Apirilaren 4an zabaldu zuten aurreneko testua, "klase feminismoaren beharraz" jarduten zuena. Bertan, "emakumeek jasaten duten zapalkuntzaren erroen antzinatasunetik abiatuta", egun emakume langileek jasaten duten "subordinazio politikoa, kultura azpiratua eta debaluazio ekonomikoa" aztertzen dira. Hausnarketaren arabera, emakume langileak dira "genero zapalkuntzaren kaltetu nagusiak", eta hortaz, "tresnak sortzerakoan berau izango da askatu beharreko subjektua".

Hurrengo testua apirilaren 18an plazaratu zuten, klase ertainaren kontzeptua aztertzea helburu zuena. Plataformak adierazi zuenez, "klase ertaina ez da klase bat bere baitan", eta desberdinak diren ekoizpen harremanak egonik, haien ustez, egokiagoa da "klase ertainez" hitz egitea. Horien "osaera eta funtzio politikoa" landu zituzten testuan, "bereziki, sozialdemokraziaren bloke politikoan".

Amaieran, ondorioztatu zuten klase ertainaren "amets goxoa ez dela betierekoa"; izan ere, kapitalismoak dakartzan krisialdien nahiz irabazi-tasa mantentzeko beharraren ondorioz, "lan baldintzen kaxkartzea" eta "klase ertainaren bolumenaren murrizketa" gertatzen direla azaldu zuten.

Apirilaren 25ean hirugarren hausnarketa saioa izan zen Martin Goitiandiaren eskutik, hain zuzen, klase kontzientziaren inguruan. Goitiandiaren arabera, "ez da nahikoa borondate hutsak eman dezakeen erantzun partzial eta bakanekin": "Sistema bere osotasunean ulertu beharra dago, eta horri aurre egiteko, estrategia bateratu bat behar da". Hortaz, azpimarratu egin zuen kapitalismoari "bere osotasunean" eraso egitearen garrantzia, eta ez solik "bere desorekei edota partzialki".

Azkenik, laugarren saioan, "langile problematikak lantzen dituzten" hiru kolektibori egindako elkarrizketa sareratu zuten, apirilaren 30ean. Zehazki, "autodefentsa eraginkorraren inguruan" aritu ziren Bergarako (Gipuzkoa) Lubaki Langile Elkartasun Sareko, Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatuko eta Unibertsitateko Indar Batasunako kideak.

Nahi duen orok, plataformaren sare sozialetan eskuratu ditzake testu guztiak. Bestalde, aurtengo M1: Hamaika zapalkuntza, borroka bakarra dinamikari amaiera emateko, bideo bat ere argitaratu dute.