AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Gasteizen, Domingo Beltran kaleko LIDL supermerkatua. Argazkia: ELA
2020/05/01 17:36

Ostegunean, apirilak 30, lanuzteak egin zituzten Hego Euskal Herriko LIDL supermerkatuetako langileek, erantzun handiarekin. Goizez zein arratsaldez izan ziren lanuzteak, ordu erdiz. Covid-19aren hedapenak sortutako larrialdia hasi zenetik, modu bortitzean areagotu da langileek jasan behar izaten duten lan karga, eta bajak ere izan dira.

Hala, krisialdi honetan haien lanpostuetan bizi duten egoera abiapuntutzat hartuta, hainbat eskakizun plazaratu dituzte LIDL dendetako beharginek: langileen segurtasun neurriak bermatuta egotea, bajak ordezteko langile gehiago kontratatzea, gehiegizko ahalegina orekatzeko atsedenak ematea, aparteko orduak ordainduak izatea, eta iragarritako konpentsazio-ordainsaria jasotzea.

Espainiako Estatu mailako sindikatuekin egindako negoziaketak oinarri, 160 euroko konpentsazioa aitortzeko asmoa erakutsi du enpresak, sektore bereko enpresek emandakoa baino baxuagoa dena. Aipatzekoa da, krisialdi hau hasi aurretik, Alemaniako supermerkatuak 171 milioi euroko irabaziak izan zituela Espainiako Estatuan, goranzko joera baten barruan. Mercadonaren atzetik, errentagarritasun handiena duen bigarren enpresa da sektorean.

ELA sindikatuak egin zuen osteguneko lanuzte deialdia, eta "bidezko ordaina eman arte" mobilizazioekin jarraituko duela iragarri du.