AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Lekeitioko ikasleak Herri Eskoletan. Argazkia: @IALeaArtibai
2020/01/22 18:28

Gaur, hilak 22, Lekeitioko Ikasleon Autodefentsa Sarearen jaiotza plazaratu dute Lekeitioko (Bizkaia) Iturriotz ikastetxeko hainbat ikaslek. Ikasleen interesei "zuzenean erantzuteko autodefentsa antolatzea" beharrezkoa dela ikusita jarri dute martxan sarea. Hausnarketa abiapuntu, hezigunean bizi dituzten arazoak identifikatzeko lanetan jardun dute; horien artean, komunera joateko ezintasunarena. Asteazkenero, jolas-orduan, "desdoble gelan" elkartzeko deia luzatu diote bertako ikasleriari.

Komunera joateko baimenen arazoari dagokionean, ikasleek jakinarazi dute ikastetxeko zuzendaritzak giltzapean mantentzen dituela komunak, "ikasleek ematen zieten tratu txarraren" aitzakiapean. Hortaz, bertara joan behar duten bakoitzean baimena eskatu eta paper batean "izena, ikasgela eta ordua" idaztera derrigortuta daude, giltza eskuratu nahi badute. Behin hori eginda, komuneko atea itxi eta zaintza-gelara itzuli behar dute.

Hausnarketak

Ikasleek sarritan hartu izan dituzten "jarrera desegokien" jatorria ikastetxean nahiz bizitzako beste esparruetan bizi dituzten egoeretan aurkitzen dela hausnartu dute ikasleek. Onartu egin dute ikastetxeko komunei tratu txarrak eman izan zaizkien une horien atzean "haserrea, inpotentzia eta amorrua" bideratzeko "modu erasokorrak" erabili direla; horregatik, beharrezkotzat jo dute ikasleek horien "trataera normala egiteko konpromisoa hartzea". Hala ere, arazoei erantzuteko modu eraginkorrena "autodefentsa antolatzea" dela uste dute sareko kideek.

Dena den, zuzendaritzaren erabakiekin desados egoteko hainbat arrazoi ere mahaigaineratu dituzte. Batetik, ikasleen "infantilizazioa" egotzi diote zuzendaritzari. "Ikasleak komunei tratu normala emateko gai ez direla" pentsatzea eta zigorraz baliatzea haiek "umetzat hartzeko modua" dela diote.

Diziplina eta zigorra

Bestalde, zigorra bera "irakaspen diziplinario" gisa erabiltzeak, ikasleen jarreren jatorrizko arazoa konpondu beharrean, "ikasleen haserrea areagotzen duela" azpimarratu dute. Zuzendaritzaren "jarrera kontrolatzailea" ere salatu dute, besteak beste, komunera sarritan joateko beharra duen edonor "lotsararaztea" eragiten duelakoan.

Komunei tratu normala emateko prestutasuna berretsi eta zuzendaritzari eskatu diote ikasleen "oinarrizko beharrizanak modu normalean asetzeko eskubidea" bermatzeko. Horretarako, sinadura bilketarako nahiz asteazkenetako asanbladetarako "ikasle guztien babesa" galdegin dute.

Autodefentsa eztabaidagai

Lea-Artibai eskualdeko ikasleek autodefentsa sareen eta hezkuntza kapitalistaren inguruan hausnartzeko aukera izan zuten urriaren 12ko nahiz abenduaren 6ko Herri Eskoletan, Euskal Herriko beste hainbat txokotan bezalaxe. Jaiegun arrotzen aurrean intsumisioa lemapean egindako eskolek, besteak beste, "dominazio kapitalistari aurre egiteko tresnak" garatzea izan zuten helburu.