AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Gaurko mobilizazioa Laudioko kaleetan. Argazkia: @jotabe1963
2021/02/18 11:37

Tubacexen Amurrioko (Araba) eta Laudioko (Araba) plantetako langileek gaurkoa dute greba mugagabearen laugarren eguna. Enpresako zuzendaritzak aurreko astean iragarri zituen 150 kaleratze eta, horri erantzunez, beharginek mobilizazioak hasi zituzten pasa den ostegunean, otsailak 11. Manifestazio bat egin zuten. Joan den astelehenean, ordea, greba mugagabeari ekin zioten bi lantokietako beharginek.

Amurrioko lantegian piketeak egin dituzte gaur goizean eta, ondoren, manifestazioa egin dute Laudioko kaleetan barrena. Ertzaintzak Laudion langile bat identifikatu duela salatu dute grebalariek. 

Bihar, ostirala, protesta ekimenekin jarraituko dute. Beste mobilizazio batera deitu dute Amurrion, 10:30ean. Bestalde, gaur arratsaldean berriz elkartuko dira Tubacexeko zuzendaritza eta enpresa batzordeak, negoziazioekin jarraitzeko.

150 langile haien lanpostuetatik kanporatzeaz gain, zuzendaritzaren asmoa da gainontzekoei aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente berri bat aplikatzea, indarrean izango dena martxoaren 29tik irailaren 10era. Aurretik ere enplegu-erregulazioko txostenen eraginpean egon dira.