Lan politikoa egiteko espazioa aldarrikatu eta polizia-indarrak bart Ibaetan sartu izana salatu du UIBk, manifestazio bidez

Ehunka ikasle batu dira UIBren deialdira. Irmoki salatu dute polizia Ibaetako campusean sartu izana, baita "EHUko errektoretzaren jarrera" ere. "Unibertsitateko langile klasearen aldeko borrokan" jarraituko duela berretsi du UIBk.
Argazki Nagusia
2021eko otsailaren 25a

Ehunka ikasle bildu dira gaur Ibaetako campusean (Donostia, Gipuzkoa), Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) deitutako manifestazioan. Ertzaintzak hainbat ikasle kaleratu zituen bart HEFAko Zorroaga aretotik; UIBk astelehenean birjabetu zuen espazioa, ikasleek lan politikoa egin ahal izateko. Horren aurrean, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU-UPV) errektoretzak "inolako bermerik gabeko proposamena" egin ziela salatu zuten UIBko kideek, eta atzo, campusera sartu eta birjabetutako gunearen hustu zuten polizia-indarrek.

Gaur, manifestazioa amaitzean, HEFAko dekanotzan eserialdia egin dute 200 lagun inguruk. EHUren jarrera salatu eta "ikasleria langilea antolatzeko espazio bat lortu artean" borrokan jarraitzeko borondatea adierazi dute.

ALDARRIKAPENAK

Gaurko mobilizazioan "indar polizialak campusetik kanpora!" eta "espaziorik gabe antolatzerik ez!" aldarrikatu dute ehunka pertsonak Ibaetako aldirietan. Jardun politikorako espazio faltaren auziari erantzuteko asmoa erakutsi du berriz UIBk, eta jakinarazi du "unibertsitateko langile klasearen alde borrokan" jarraituko duela.

Azken egunetan Ibaetan gertatutakoaren kronika irakurtzeko, sartu hemen