AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Donostian egindako agerraldia, ekainean. Argazkia: @alokairu
2020/07/27 12:27

Ekainean egin bezala, Donostiako (Gipuzkoa) Benta Berri auzoko bizilagun baten egoera salatu dute Alokairu, Stop Kaleratzeak eta Azoraren Maizterrak plataformek. Azaldu dutenez, auzoan kaleratze arriskuan dago emakume bat, eta ezarritako data ofizialaren arabera, datorren irailaren 9an etxegabetuko dute.

Testa Socimi-Blackstone putre funtsa da Benta Berriko 510 etxebizitzaren legezko jabea. Babes ofizialekoak dira, eta horietako batean bizi da kaleratze arriskuan dagoen pertsona. Testa Socimiko abokatuak auzia daraman epaileari helarazi dio ez duela onartuko kaleratzea atzeratzea, eta dei egin dio epaia "ahalik eta azkarren" ematera.

Hiru plataformetako kideek adierazi dutenez, Donostiako Udalak eta enpresak hilabeteak daramatzate etxe kaleratze horren inguruan negoziatzen. Funtsak ukatu egin du elkarrizketa horiek egon direla, iragan ekainaren 16ko auzi saioan horien existentzia onartu bazuen ere. Orduko hartan epaileak gibelatu egin zuen sententzia, antza, negoziazio horiek eman zitezen.

Uztailaren 20an, etxegabetzea 60 egunez atzeratzeko galdea aurkeztu zuten hiru plataformek. Ebazpenean kaleratzea berretsiko balitz, mobilizazio "irmoak" egingo dituztela iragarri dute; tartean, "etxegabetzeen aurkako piketeak".