Iruñeko Alde Zaharreko "narko etxebizitzaren" aurkako elkarretaratzeak egiteari ekin diote auzokideek

Iruñeko Alde Zaharreko bizilagunek asteazkenean egin zuten Jarauta kaleko 13. zenbakiko "narko etxebizitzaren" aurkako dinamikako lehen elkarretaratzea. Gaur Auzo Batzarra egingo dute Jarautan, 19:00etan.
Argazki Nagusia
Argazkia: La Haine
2019ko ekainaren 14a

Iragan asteburuan auzoko tabernari bati emandako jipoiaren ostean, Jarauta kaleko 13. zenbakian dagoen "narko etxebizitzaren" aurkako kanpaina hasi zuten Iruñeko Alde Zaharreko auzokideek. Elkarretaratzeak egingo dituzte egunero, "trafikatzaileak etxebizitzatik kanporatu arte".

Bizilagunen hitzetan, "narko etxebizitzen" eta droga trafikatzaileen jardunaren ondorioz, auzoan handitu egin dira gatazkak; hala nola, borrokak, erasoak, mehatxuak edota drogaren eta poliziaren presentziaren gorakada salatu dituzte. Gainera, Jarautako 13. zenbakiko etxebizitzan bortxatu egin zutela salatu zuen emakume batek, apirilean. Hiru pertsona atxilotu zituzten erasoaren harira, guztiak aske utzi zituzten arren.

Mobilizazio zikloa

Pasa den astean zerbitzariari egindako erasoaren harira, auzokideek mobilizazioa egin zuten larunbatean. Asteazkenean kalera atera ziren berriz. "Narko etxebizitzen" aurkako aldarrikapenak izan ziren nagusi, eta besteak beste, "txibatoak eta bortxatzaileak gure auzoetatik kanpora" eta "alde zaharretik ez dira pasako" oihukatu zuten bertaratu zirenek.

Asteazkenekoa izan zen dinamikako lehen deialdia, eta ostegunean ere elkarretaratze zaratatsua izan zen, 20:00etan. Berriki sareetan zabaldu dutenez, Auzo Batzarra egingo dute gaur, 19:00etan Jarautan.

Bestalde, hedabide ugarik okupazioaren aurkako kanpaina bat jarri dute martxan, "narko etxebizitzen" eta okupazio mugimenduaren arteko harreman faltsuak eraikiz.