AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Iruñerriko Autodefentsa Sarea
2019/10/06 23:12

Iruñeko (Nafarroa) Alde Zaharreko Baztan eta Sotiko Aitona tabernek bost beharginekin dituzten zorrak kitatzeko borroka abiatu berri du Iruñerriko Langileen Autodefentsa Sareak. Taberna horietako bost langile ohik autodefentsa sarera jo dute laguntza eske. Izan ere, ostatu haietako jabeek “ohiko zein aparteko orduak eta jaiegun eta gauetako gehigarriak” zor dizkiete langile horiei. Autodefentsa sareko kideek azaldu dutenez, “nagusiei zor dutena ordaintzeko eskatu zaien arren”, ez dute halakorik egin; hori dela eta, esku hartzea erabaki dute.

Era berean, Langileen Autodefentsa Sareak ohartarazi du enpresari egindako presioa ez dela etengo “langileei zor dizkieten ordainketak eguneratu arte, dagozkien kotizazioekin". Hala, gutun baten bidez, langile klaseari dei egin diote “elkartasuna erakutsi dezan eta mobilizazioetan parte har dezan”.

Garaipena antzeko kasuetan

Donibane auzoko El Ronqueo ostatuan lanean hasi zen zerbitzari baten kasua irabazi zuen autodefentsa sareak maiatzean. Ordutegiz kanpo egindako orduak eta gaueko plusa kobratzeko eskaera egin zuenean, kaleratu egin zuten langilea. Hala, Langileen Autodefentsa Sarearen bitartekaritza medio, kontratuz zegokiona eta kaleratze bidegabearen ordainsaria jaso zituen langileak.

Autodefentsa sareen gorakada

Azken hilabetean, egunkari honetan bertan jaso ditugu Bergaran (Gipuzkoa) zein Bilbon (Bizkaia) sortu berri diren autodefentsa eta elkartasun sareen aurkezpenak -Lubaki Bergaran eta Bilboko Atodefentsa Sarea-. Langileen eskubideak defendatzeko batasuna oinarri duten antolakuntza espazio horiek beren eraginkortasuna agerian utzi dute Iruñerrian zein Goierrin (Gipuzkoa).