AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Langileen Autodefentsa Sareak Beerlin ostatuaren aurrean iaz egindako elkarretaratzea. Argazkia: LAS
2019/05/27 17:55

Iruñerriko Langileen Autodefentsa Sareak beste kasu bat irabazi du; martxoan Iruñeko (Nafarroa) Donibane auzoko El Ronqueo ostatuan lanean hasi zen zerbitzari batena, hain zuzen. Aditzera eman dutenez, zerbitzari horrek hilabetez lan egin eta lehendabiziko soldata jasotzean, ez zituen ordutegiz kanpo egindako orduak eta gaueko plusa kobratu. Horren aurrean, zegokiona eskatu zuen. Hala, behargina lanetik era bidegabean kaleratzea izan zen ostatuko nagusiaren erantzuna. Beraz, kontratuz zegozkion ordainsariak kobratzeko aukerarik gabe gelditzeaz gain, modu bidegabean kaleratzeagatik zegokion ordainsaririk gabe utzi zuten.

Egoera horretan, Iruñerriko Langileen Autodefentsa Sarearekin harremanetan jarri zen langilea. Gutun bidez, aipatutako aldarrikapenak ostatuko jabeei helarazi zizkieten beharginak eta sareko kideek; ordutegiz kanpoko orduak, gaueko plusa eta bidegabeko kitatze-agiriaren arabera zegokion dirua kobratzea, hain zuzen. "Handik egun gutxira, ostatuko jabeek amore eman eta zor zioten zenbateko guztia ordaindu zioten", azaldu dute Langileen Autodefentsa Sareko kideek. Gertakarien inguruan langileak berak egindako adierazpenak jasotzen dituen bideo bat ere argitaratu dute sare sozialetan.

Elkartasuna oinarri, babesgabe dauden langileen aldeko bitartekaritza

LASeko kideen arabera, isolamenduan aurkitzen diren langileen ezjakintasun juridikoak babesgabe uzten ditu nagusien aurrean. Hala, langileen ahultasun egoera horri modu kolektiboan aurre egitea dute xede. Euren hitzetan, kasu berri hori irabazita, erakutsi dute “autodefentsa kolektiboan, elkarren arteko babesean eta klase elkartasunean oinarritutako sareak ehunduz antolatzeko baldintza gogorrenak ere gainditu daitezkeela".