AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Baterajotze Nazionaleko irudi bat.
2019/05/20 12:49

Gorabeheratsua izan da Iruñeko (Nafarroa) Eunate ikastetxean ikasleek martxan jarritako borrokaldia, helburu zuena Nafarroako Hezkuntza Departamenduak jarritako 13 bide-zaintza kamerak kentzea. Ikastetxeko ikasleek abiatu zuten borroka lehendabizi, eta gero, Iruñerriko Autodefentsa Sarea sortzean, inguruko gainontzeko ikastetxeetako kideak ere batu ziren. Klase elkartasuna oinarri, asanbladak, auzo batzarrak zein sinadura bilketak egin zituzten. Aldarrikapenak, gainera, laster hartuko zuen dimentsio nazionala.

"Langile mugimendua ahultzeko ezarritako banaketak gainditzera jo", eta Iruñerriko Autodefentsa Sareak bere gain hartu zuen Eunateko borrokaren garapena; baita Euskal Herriko hamaika txokotako autodefentsa sareek ere. Martxoan, Iruñerrian Baterajotze Nazionalera deitu zutenean, elkarlan horri esker hartu zieten aurre ikasleek, besteak beste, heziguneetan paroak egiteko debekuari. Hala, Euskal Herri osoko ehunka gazte atera ziren Iruñeko kaleetara martxoaren 21ean, Kontrola zuen bidea, autodefentsa gurea lelopean. Bertan jakinarazi zuen sareak, "langile elkartasuna hartzen ari zen dimentsioa ikusirik", negoziazio mahaia irekitzea lortu zutela Eunateko zuzendaritzarekin.

Hainbat traba salatu ditu IASek negoziazio mahaia abiatu zenetik, baina. Besteak beste, apirilean salatu zuten negoziazio mahaian parte hartzeko ikasle mugimenduak proposatu zituen ordezkari guztiak baztertu zituela Hezkuntza Departamenduak. Ikasle ohiak eta Ikasle Abertzaleak antolakundeko bi kide ziren proposatutako ordezkariak; izan ere, Eunateko ikasleek ez zuten euren burua aurkeztu nahi, aurretik ere hainbat eraso jasan dituztelako ikastetxeko zuzendaritzaren partetik.

"Aurrera jarraitzeko prest" agertu ziren ikasleak, ordea, antolakuntzak prozesua bururaino eramateko gaitasunak ematen zizkiela eta kamerak kentzea lortuko zutela sinetsita. Eta baita lortu ere. IASek sare sozialetan jakinarazi berri duenez, Hezkuntza Departamenduak "aste honetan" kenduko ditu kontrolerako kamerak Eunatetik. Behin hori eginda, "ikastetxearen barneko giroaren hobekuntzan aurrerapausoak emateko" prozesua abiatuko dute. Prozesuan, baina, autodefentsa sareak ez du parte hartuko: "Kameren afera konponduta, Eunateko giroa hobetzeko prozesuan, bigarren plano batera pasatuko da IAS. Prozesuan hezkuntza komunitateko kideek eta auzoko eragileek hartuko dute parte". "Elkarrekiko errespetua" galdegin dute ikasleek prozesua abiatu dadin.

EZ DAGO IRUZKINIK