Indar okupatzaileen aurkako manifestazioa egin zuten larunbatean Iruñean, hispanitatearen egunaren harira

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak deituta, mobilizazioa egin zuten larunbat eguerdian Iruñean, Errekoletako plazatik abiatuta. 'Alde Hemendik' lemapean zeharkatu zituzten Alde Zaharreko kaleak manifestariek. Altsasun edota Zarautzen ere kalera atera ziren hispanitatearen egunean, indar errepresiboak kanporatzeko aldarriak oinarri.
Argazki Nagusia
Argazkia: La Haine
2019ko urriaren 15a

Urriaren 12a "jazarpen militarraren eguna" dela azpimarratuz, manifestazioa izan zen larunbat eguerdian Iruñeko (Nafarroa) Alde Zaharreko kaleetan. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak egin zuen deialdia, Alde Hemendik, indar okupatzaileak kanpora lema ardatz hartuta.

Errekoletako plazan hasi zuten ibilbidea manifestariek, eta San Francisco plaza izan zuten helmuga. Bertan, Espainiako "inperialismoak egindako sarraskiak" salatu zituzten antolatzaileek, baita hispanitatearen egunean sarraski horiek "harrokeriaz ospatzeko" saiakera gaitzetsi ere. Horren aurrean, "euskal langileon oroimenak zein gogoak bizirik" jarraitzen dutela azpimarratu zuten, baita "askatasun grinak" ere. Hala, okupazio indar armatuak kanporatzearen aldeko oihu artean bukatu zen mobilizazioa.

Altsasun, Zarautzen eta Lizarran ere indar okupatzaileen aurka

Altsasun (Nafarroa) eta Zarautzen (Gipuzkoa) ere izan ziren indar errepresiboak kanporatzearen aldeko mobilizazioak hispanitatearen egunean. Altsasun arratsaldean izan zen elkarretaratzea, plazan, Indar errepresiboak alde hemendik aldarrikapena oinarri. Zarautzen, aldiz, manifestazioa egin zuten eguerdian, eta Guardia Zibilaren kuartel aurrera bertaratu ziren protesta egitera.

Lizarran (Nafarroa) egun osoko egitaraua antolatu zuten Pikutara mugimenduak eta Lizarrako Ikasle Abertzaleek, Alde hemendik izenpean. Sugarra gaztetxean izan ziren jarduera guztiak, eta Zuen egunean, gure indartuz izan zen azpimarratu zuten mezua.