Ostegun Gizenean Tolosan mobilizatzera deitu du Tolosaldeko Gazte Fronteak, Ezpala eta Kaxilda gaztetxeen defentsan

Huste arriskuan daude iaz Tolosaldean birjabetutako bi gaztetxeak; Ezpala Tolosan eta Kaxilda Zizurkilen. Egoera horren aurrean, otsailaren 20an, Inauterietako Ostegun Gizena, 19:00etan Tolosako kaleak hartzera deitu du Tolosaldeko Gazte Fronteak. Burgesiak "gazte langileen antolakuntza bateratuak ekiditeko" darabilen mekanismo gisara identifikatu dute bi gaztetxeek bizi duten desalojo arriskua.
Argazki Nagusia
Irailean Ezpala gaztetxearen defentsan egindako manifestazioa, Tolosan.
2020ko otsailaren 18a

Pasa den urteko apirilean bi proiektu berri batu ziren gaztetxeen loraldira Tolosaldean (Gipuzkoa), Aiztondoko Gazte Asanbladaren eta Tolosako Gazte Asanbladaren eskutik: Kaxilda gaztetxea Zizurkilen, eta Ezpala gaztetxea Tolosan. "Oztopoz beteriko" bidearen ostean, egun, huste arriskuan daude biak. Kaxildari dagokionean, iaz epaiketa izan ostean, berehalako desalojo agindupean dago. Ezpala, aldiz, epaiketaren zain dago oraindik.

Egoera hori dela-eta, Tolosaldeko Gazte Fronteak manifestazioa deitu du otsailaren 20rako, Inauterietako Ostegun Gizena, Tolosan. Gaztetxeak defendatuko dituztela "argi uztea" eta "defentsa artikulatu eta antolatuaren beharrezkotasuna" azaleratzea dute helburu fronteko kideek. 19:00etan txoznagunetik abiatuko da mobilizazioa, "elkartasunaren erakustaldi bat" izatea bilatuko dute antolatzaileek.

Gaztetxeak, "langileon kontrolpeko espazio" gisara ulertuta, "gazte problematikaren auziari erantzun kolektibo bat emateko baliabideak" direla adierazi du Tolosaldeko Gazte Fronteak, sare sozialetan argitaratutako adierazpen baten bidez. Hala, bereziki gazte problematikari heltzen bazaio ere, gaztetxeak "langilego osoaren mesederako antolakuntza formak" garatzea ahalbidetzen duten espazioak direla azpimarratu dute fronteko kideek. Tolosaldeko bi gaztetxeek bizi duten desalojo arriskua, beraz, burgesiak "gazte langileen antolakuntza bateratua ekiditeko" mekanismo modura kokatu dute.

Tolosaldeko hainbat gaztek urrian aurkeztu zuten fronteak hala dio argitaratutako adierazpenean: "Tolosako kaleak, txaranga eta algarez gain, bete daitezela batasun eta borrokarako grinaz".

Kaxilda, muturreko egoeran

Abenduan izan zen Kaxilda gaztetxearen aurkako epaiketa eta epaileak espazioaren berehalako hustea agindu zuen; baita Aiztondoko Gazte Asanbladako bi auzipetuen aurkako hiru hilabeteko kartzela zigorra ere. Orduz geroztik, asanbladako kideak "noiz kanporatuko zain" daudela salatu du Tolosaldeko Gazte Fronteak.

Ezpala, epaiketaren zain

Iazko abuztuan Tolosako Gazte Asanbladako kide baten aurkako epaiketa atzeratu zutenetik, epaiketaren zain daude Ezpala gaztetxeko kideak. Bitartean, jardun politikoa normaltasunez aurrera eramaten ari dira Ezpalan, eta eraikinean gero eta espazio gehiago erabilgarri jartzen. Prestaketa lan horien adibide da azaroan, Gazte Koordinadora Sozialistak deituta, Gipuzkoako hainbat txokotako hamarnaka gaztek Ezpalan egin zuten auzolana.