Ikasleon Gasteizko Autodefentsa Sarea jaio da, "ikas baldintzen hobekuntza errealak lortzeko"

Urtebeteko lanketaren ostean, Gasteizko DBHko zein Batxilergoko hainbat ikaslek ebatzi dute "antolaketa modu eraginkorrenak" direla autodefentsa sareak. "Batasunaren eta antolakuntzaren printzipioak" mahaigaineratu dituzte, "banaketan eta despolitizazioan" hezitako belaunaldiaren aurrean. "Indarguneak aprobetxatzea eta ahulguneetatik ikastea" dagokiela diote, "ikas baldintzetan hobekuntzak lortzeko" eta bestelako langile sektoreekin "elkarlanerako baldintzak" sortzeko.
Argazki Nagusia
Gasteizko ikasleak abenduaren 6ko Herri Eskolan. Argazkia: @ikgasteizkoAS
2020ko urtarrilaren 08a

Atzo, urtarrilak 7, Ikasleon Gasteizko Autodefentsa Sarea plazaratu zuten Arabako hiriburuko hainbat ikaslek. "Ikasleek jasaten dituzten arazoei erantzun errealak ematea" jo dute antolakuntza forma horren helburutzat. Garapenean dagoen proiektu honen abiapuntuari dagokionez, DBHko zein Batxilergoko zenbait ikaslek duela urtebete jarri zituzten aurreneko haziak, hausnarketa modura; hala, azken bi ikasturteotako lanketaren ostean, ondorioztatu dute autodefentsa sareak direla ikas baldintzen "hobekuntza errealak" lortzeko antolaketa modu eraginkorrenak.

Lan dinamika horren bidez, "batasunaren eta antolakuntzaren printzipioak" mahaigaineratu dituzte gasteiztarrek, "gero eta banatuago eta despolitizatuago izateko" hezia den belaunaldia izaki. Antzeko esperientziei begira ikasi dute, ikastetxez ikastetxe aurkitzen diren indarrak batu ezean, orotariko borrokaldiei "ez zaiela ahal bezainbeste probetxu ateratzen". Gaur egungo ikasleek "ikastetxe mailako aldaketak lortzeko indarra" izan arren, hortik aurrera, ikas baldintzak borrokatzeko aurkitu ohi den "ezintasuna" ere nabarmendu dute.

Hortaz, "indarguneak aprobetxatzea eta ahulguneetatik ikastea" dagokiela diote autodefentsa sare berriko ikasleek. "Ikas baldintzetan hobekuntzak" eta bestelako langile sektoreekin "elkarlanerako baldintzak" erdiestea izango dute helburu.

Etenik gabeko loraldia

Hedatuz doaz hezkuntza ertaineko ikasleen autodefentsa sareak Hego Euskal Herri osoan. Gaur gaurkoz, Iruñerrian (Nafarroa), Lizarraldean (Nafarroa), Sakanan (Nafarroa), Aiaraldean (Araba eta Bizkaia), Tolosaldean (Gipuzkoa) eta Bilboko (Bizkaia) Ibarrekolandan aurki daitezke ikasle mugimenduaren antolakuntza forma horren adibideak.

Sare horiek medio piztutako borrokek, garaipen nahiz antolakuntza esperientzia ugari ekarri dituzte bertako ikasleariarentzat, azaldu izan duten gisara. Iruñerrian, esaterako, Eunate ikastetxeko kamerak kentzea lortu zuten. Lizarraldeko ikasleek "sumisio eta kontrolerako" hainbat mekanismori egin zieten aurre, batez ere, azterketen ordutegiari, zenbait irakasleren "jarrera autoritarioei" edota komunerako sarbide libreari zegokienez. Sakanako ikasleak, Etxarriko Ikastolan espazioaren erabilerarako baimen malguagoak eskuratzeko mobilizatu ziren. Aiaraldeko ikasleek ere izan zuten zer borrokatu; izan ere, Alexia izeneko web plataformaren "funtzio diziplinarioa" neutralizatzea lortu zuten Laudioko ikastetxean. Tolosaldean ebaluazio irizpideen aldaketa eta Ikasle Gela eskuratu zituzten ikasleek, eta Ibarrekolandako institutuan, atsedenaldietan zehar korridoreetara nahiz kalera irteteko aukeraren aldeko borroka abiarazi zuten.