Hogeita hirugarren egunez, gose greban jarraitzen du Patxi Ruizek

Espetxeko erizaindegian isolaturik dago Patxi Ruiz, gose grebaren hogeita hirugarren egunean; aldaketa nabaririk ez badago ere, bere osasuna okerrera doa. Borrokan dauden gainerako presoek ere, beren borrokaldiekin jarraitzen dute. Mendillorrin, auzoko elizara sartu dira hiru gazte, 48 orduko baraualdia egiteko, eta polizia gerturatu bada ere, barruan jarraitzen dute. Gaur iluntzean ere mobilizazio ugari daude deituta Euskal Herriko txoko ezberdinetan.
Argazki Nagusia
Argazkia: @MBidean
2020ko ekainaren 2a

Espetxeko erizaindegian isolaturik dago Patxi Ruiz, preso politiko txantrearra, ospitaletik bueltan berrogeialdian jarri zutenetik. Hogeita hiru egun daramatza gose greban, horietatik lehenengo hamabiak gose eta egarri greban igaro ondoren. AAEAMek gaurko partean adierazi duenez, ez dago aldaketa nabaririk bere osasun egoeran; dena den, azpimarratu dute, egunak pasa ahala okerrera doala.


Atzo, Patxiren borrokarekin bat egin duten gainerako presoak gogoratu nahi izan zituen AAEAMek; “Patxiren egoera larria dela eta, beste preso batzuen borrokaldiak ezkutuan gelditu badira ere, denak dira oso garrantzitsuak”, azpimarratu dute.


Itxialdia Mendillorrin


Atzo arratsaldean, Mendillorrin (Iruñea, Nafarroa), hiru gazte auzoko elizara sartu ziren berrogeita zortzi orduko baraualdia egiteko asmoz. Ondoren, gaurko 12:00etarako elkarretaratzea deitu zuten elizaren kanpoan, baraualdikoei elkartasuna adierazteko. Bertako apaizarekin iskanbilak izan ostean, gaua bertan pasatzea lortu dute.


Gaur sare sozialetatik jakitera eman dutenez, ordea, Espainiako Poliziaren bi furgoneta agertu dira elkarretaratzea burutu behar zen lekura. Egoera horren aurrean, pankartarik gabe izanik ere, hainbat kide bildu dira elizaren kanpokaldean; arratsaldean ere bertaratu eta elizaren barruan dauden kideei elkartasuna adierazteko deia luzatu dute.


Gaurko mobilizazioak, ekainak 2


  • Bartzelona (Katalunia), elkarretaratzea 20:00etan Plaça Virrei Amat plazan, Nou Barris.
  • Bilbo (Bizkaia), elkarretaratzea 20:00etan Etxebarrieta Anaien Plazan.
  • Ondarroa (Bizkaia), egunero elkarretaratzea 20:00etan Alamedan.
  • Iruñea (Nafarroa), elkarretaratzea 20:00etan Txantreako Kaskallueta Plazan.
  • .Mendillorri (Iruñea, Nafarroa), arratsaldean zehar, elizaren barruan baraualdia egiten ari direnei elkartasuna adierzatera bertaratzeko deia.
  • Berango (Bizkaia), elkarretaratzea 20:00etan Gudarien Enparantzan.
  • Iruñea (Nafarroa), giza-katea 20:00etan Arriurdiñeta Plazatik.

Mobilizazio erregularrak


  • Urruña (Lapurdi), egunero elkarretaratzea 19:30ean biribilgunean.
  • Donostia (Gipuzkoa), egunero elkarretaratzea 20:15ean Bulebarrean.
  • Mutriku (Gipuzkoa), egunero elkarretaratzea 20:00etan Errotondan.
  • Etxarri (Nafarroa), egunero elkarretaratzea 20:00etan plazan.
  • Algorta (Bizkaia), egunero elkarretaratzea 20:00etan Txiki eta Otaegi Plazan.
  • Erromo (Bizkaia), egunero elkarretaratzea 21:30ean Xake Enparantzan.
  • Zornotza (Bizkaia), egunero elkarretaratzea 20:00etan Patatan.
  • Baiona (Lapurdi), egunero elkarretaratzea 17:30ean.
  • Altsasu (Nafarroa), egunero elkarretaratzea 20:00etan plazan.
  • Lekeitio (Bizkaia), astearte, ostegun eta larunbatero elkarretaratzea 20:00etan Abadeen Moilan.
  • Durango (Bizkaia), ostegunero elkarretaratzea 20:00etan Ezkurdian.

Bihar, ekainak 3

  • Irun (Gipuzkoa), elkarretaratzea 20:00etan San Juan Plazan.
  • Iruñea (Nafarroa), elkarretaratzea 20:00etan Udaletxe Plazan.

Borrokaldiak espetxeetan


Maiatzaren 12tik, Ibai Aginaga “txapeoan” dago (Sevilla II); Dani Pastor, Oskar Barreras eta Aitor Cotanok berriz, kartzelak ematen duen janariaren erretiluari uko eginnez diraute (Puerto III).

Maiatzaren 14tik, Jon Kepa Preciadok “txapeoari” ekin zion (Kordoba).

Maiatzaren 18tik aurrera, Irantzu Gallastegi kartzelak banatzen duen janari erretiluari uko egiten dio Huelvako kartzelan.

Maiatzaren 18tik, Iñaki Etxeberria, kartzelak banatzen duen janari erretiluari uko egiten ari zaio, Topaseko (Salamanca) kartzelan.

Maiatzaren 19an, berriz, Orkatz Gallastegik (Castelló I) tartekako barauak egiteari ekin zion eta horretan da oraindik.

Maiatzaren 19tik aurrera, Renneseko kartzelan dauden Itziar Morenok eta Saioa Sanchezek kartzelak ematen duen janariari uko egiten diote, egunez egun txandaka.

Maiatzaren 22an, Lola Lopezek txapeoa hasi zuen Brievako kartzelan. Horrez gain, gutun bana bidali zieten Brievako eta Murcia II-ko zuzendariei.

Maiatzaren 30ean, Andoni Goikoetxea preso gazteluarrak 24 orduko baraua egin zuen Dueñas-Palentziako kartzelan. Aldi berean txapeo mugagabeari ekin zion. Gainera, kartzelak ematen duen janari erretiluari uko egiten dio maiatzaren 31tik aurrera.

Ostegunero, berriz, Juan Garcia Martin PCEr-ko presoak kartzelak banatzen duen janari erretiluari uko egiten dio.

Baraualdiak kalean

Maiatzaren 24tik, Txantrean, 24 orduko txandakako barau eta itxialdi dinamika iraunkorra jarri zuten martxan.

Maiatzaren 28tik, bi pertsonak ekin zioten gose grebari Val di Susa herrian, Italian.