AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/10/13 18:09

ITP Aero enpresak uztailean jakinarazi zuen kaleratze masibo bat gauzatzeko asmoa zuela. Irailean atera ziren argitara, zehazki, nola eragingo zuen neurriak Euskal Herriko lantegietan: Zamudioko (Bizkaia) 1.269 beharginetatik 194 sartu zituzten kaleratze espedientean. Ordutik, langileen eta enpresaren artean irekitako negoziazio mahaian aurrerapenik izan ez dela eta, grebara deitu du Zamudioko ITPren lantegiko enpresa batzordeak.

Urriaren 14an, 15ean eta 16an egingo dituzte lanuzteak, eta ez dute baztertzen datorren asteetan ere greban jarraitzea. "Langileek sei greba egun eta hainbat mobilizazio egin dituzte euren haserrea adierazteko, baina enpresak aurrera jarraitzen du kaleratzeekin", diote. Bestalde, langile batzordeak eginiko proposamen "bideragarri" bati muzin egin izana egotzi diote beharginek zuzendaritzari.

Antolaketa eta ekoizpen arloko arazoak argudiatzen ditu ITPk kaleratzeak egiteko; aldiz, langileek salatu dutenez, enpresak "ez ditu behar bezala egiaztatzen arrazoiak, ez baitu hori justifikatzen duen frogarik aurkeztu".