AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2019/04/30 10:14

Gipuzkoako eskualde ezberdinetako langile mugimenduko hainbat kide bildu dira gaur Azpeitian. Bertako kideekin elkarlanean, auzolan jendetsua burutu dute dozenaka gaztek Esklabak eraikin okupatuan. Krisiaren Seme Alabak taldearen deialdiari erantzun dion elkartasun keinu sendo horrek “eraikin sozialean” proiektu zehatzak martxan jartzea ahalbidetuko du.

Pasa den astelehenean aurkeztu zuen Krisiaren Seme Alabak taldeak Esklabak eraikin okupatuan “eraikin soziala” gauzatzeko asmoarekin abiatu duen proiektua. Orduztik, ugariak izan dira Euskal Herriko txoko ezberdinetatik jaso dituzten elkartasun keinuak. Gaurkoan, hainbat eskualdetatik joandako dozenaka lagunen laguntza izan dute, azpiegitura lanetarako.

Auzolanaren helburua, proiektu zehatzak garatzeko beharrezkoa den eremua baldintza onetan jartzea eta segurtasun arloan beharrezkoak diren aurrerapenak garatzea izan da. Horretarako, goiz osoan jardun dute lan horiek aurrera eramaten. Esan bezala, azpiegitura lan horiek beharrezkoak izango dira epe ertain batean garatu nahi dituzten dinamikak aurrera eraman ahal izateko: besteak beste, jantoki soziala gauzatzen hasteko.

Elkar harremantzeko tartea ere izan da auzolana: lanean elkarrekin jarduteaz gain, proiektuaren inguruan hitz egiteko eta eskualdetako borroka ezberdinak ezagutzeko abagunea ere izan dute. Izan ere, behin goizeko lanak amaituta elkarrekin mokadutxoa egin dute guztiek eraikinaren atarian.

Krisiaren Seme Alabak taldeko kideak “pozik” agertu dira eta “esker ona” adierazi diete bertaratu direnei. “Antolakuntzaz eta borrokaz, helburuak lortzen dira” esanez amaitu dute gaurko saioa.


EZ DAGO IRUZKINIK