Grebak berrartuko dituzte Loiuko aireportuko langileek

Gaur bildu dira langile batzordea eta AENA enpresako zuzendaritza, eta ez dute akordiorik lortu. Hala, grebei berrekingo diete beharginek. Sindikatuetako ordezkariek azaldu dutenez, "adarjotze bat" izan da bilera. "Protestak areagotzea" aztertuko dute langileek.
Argazki Nagusia
Argazkia: Deia
2019ko uztailaren 10a

Loiuko (Bizkaia) aireportuko AENAko langileek uztailaren 1ean egin zuten lehen lanuztea, eta hemezortzi greba egun iragarri zituzten uztailerako, abuzturako eta irailerako. Iragan astearen amaieran hasi ziren negoziazioekin aireportuko langile batzordea eta zuzendaritza; hala, sindikatuek bertan behera utzi zuten pasa den iganderako greba deialdia.

Dena den, gaur jakinarazi dute porrot egin dutela AENA enpresarekin izandako batzarrek. Gaur bildu dira, eta ez dute akordiorik lortu. Sindikatuetako ordezkarien arabera, "adarjotze bat" izan da bilera: "Argi dago ez dutela akordiorako borondaterik". Azken batzarrean sindikatuek baztertutako proposamen bera aurkeztu die gaur enpresak, "ezer berririk ekarri gabe".

Beraz, grebei berrekingo diete langileek, eta datorren igandea izango da lehen jomuga. Gainera, "protestak areagotzea" aztertuko dute. 169 behargin dira Loiun, eta lehen greba deialdian, guztiek egin zuten bat protestekin.