AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Egoitzetako langileen ordezkarien batzarra, irailean. Argazkia: @erresidentziak
2020/10/06 11:19

Gaur, urriak 6, greba eguna izango da Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan. 243 egunen ostean, langileek martxoaren 13an utzi zuten bertan behera greba, pandemia zela-eta. Dena den, krisia hasi aurretik zituzten lan-baldintza latzak orain "are okerragoak" direla salatu dute: "Une honetan pandemiaren aurretik baino baldintza okerragoetan ari gara lanean. Orduan erdi esklabotzako lan-baldintzez hitz egiten bagenuen, gaur egun sektoreko langileok pairatzen duguna ankerra da", diote. Hala, berriro grebara jotzea erabaki dute.

Pandemia hasi zenetik 170 egoiliar baino gehiago hil dira Gipuzkoako egoitzetan, eta ehunka behargin kutsatu dira, ELAren datuen arabera.

"JASANEZINA"

Gipuzkoan 5.000 langile inguruk jarduten dute adineko pertsonen zaintzarako egoitzetan, soldatapean. Ez da hitzarmen kolektiborik izan 2012. urtetik. Duela bi urte baino gehiago ekin zioten hitzarmen bat erdiesteko negoziaketari, baina ez da adostasunik. Langileek salatu dutenez, gaur egun ere "jasanezina" da lan-karga eta "langile gutxiegi" dira sektorean. Behargin falta horrek haien nahiz egoiliarren osasuna "arriskuan jartzen" duela ohartarazi dute.

GREBA ESKUBIDEA, BESTE BEHIN URRATUA

Gainera, oraingoan ere ukatua izan zaie greba eskubidea langileei: Eusko Jaurlaritzak %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu egoitzetan. "Gaur ez erizaintzako laguntzaileek, ez garbitzaileek, ez erizainek, ez medikuek ezingo dute grebarik egin egoitzetan", azaldu du ELAk.