AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Langileak, Tafallan. Argazkia: SER irratia
2019/12/11 10:25

Greba eguna izan zuten atzo, asteartea, Erom enpresako langileek. Acciona taldearentzat mantentze lanetan aritzen dira Nafarroan, energia eolikoa eta eguzki energia ekoizteko zazpi zentrotan. Langile batzordeak salatu du bost urte daramatela hitzarmenik gabe, eta lan baldintzen kaskartzea etengabea izan dela tarte horretan: "23 urtez Acciona taldean lan egin ondoren, inoiz ez genituen halako prekarietate eta ezberdintasun mailak ikusi. Inoiz ez zen beharrezko izan honelako neurriak hartzea".

Beharginek azaldu dute enpresa nahita ari dela atzeratzen hitzarmen bat sinatzea, horrela, lan baldintzak kaskartu eta langileen arteko ezberdintasunak handitzeko. "Hamar mila eurotik gorako ezberdintasunak daude postu berean dauden langileen artean, eta baldintza ezberdinak dituzte behargin berrienek". Gainera, bulegoetan ari direnak "diskriminatuta" daudela eta instalazioetan aritzen direnek soldata "prekarioak" dituztela salatu dute. Gutxienez azken hiru urteetan, irabaziak %50etik gora handitu ditu urtez urte energia sektoreko enpresak.

Langileen batzordeak kritikatu du Accionak ahoa betetzen duela "langileen bizitzak zaintzea" eta "elkarrizketa" aldarrikatuz, baina "justu aurkakoa erakusten" ari dela lan baldintzetan eta negoziazio mahaian. Jarrera aldatu ezean, abenduaren 17an eta 19an ere grebara joko dutela ohartarazi dute.