GKSren kanpainarekin bat egin eta bitartekoak sortu ditu Lizarrako Sugarra gaztetxeak

'Burgesiaren ofentsiba gelditu!' ekimenarekin bat egiteaz gain, testigantzak biltzeko kanpaina eta bitartekoak jarri ditu martxan Sugarra gaztetxeak. Hain zuzen, polizia jazarpena jasan dutenei eta etxebizitzarekin lotutako arazoak dituztenei zuzendutako baliabideak sortu dituzte.
Argazki Nagusia
2020ko apirilaren 20a

Martxoaren amaieran, bizi dugun "salbuespen egoerak gizartearen sektore prekarioenak gogorki kolpatzen dituela" salatu zuen Lizarrako (Nafarroa) Sugarra gaztetxeak, Kapitala krisiaren erantzule! izeneko kanpainaren bidez. Hainbat ardatz zituen gaztetxeko kideen kritikak; esaterako, alarma egoeran ekoizpena osasunaren gainetik lehenetsi izana salatu zuten, baira krisialdian "nork jartzen duen bere bizitza jokoan" seinalatu ere.

Ustezko "diskurtso apolitikoen iruzurra" gaitzetsi eta salbuespen egoeran hartutako erabakien atzean "burgesiaren interesak" ezkutatzen direla ere azaldu zuten, eta emakume langileek bizi duten egoera gordina (indarkeria matxista, lan banaketa... ) azaleratu zuten. Bestalde, polizia indarren eta Espainiako Armadaren "zuritze kanpaina" ere jarri zuten jopuntuan, kontuan izanik militarrak Lizarran ere sartu direla konfinamendu garaian. "Kaleak elkartasunez hustu eta beldurrez bete" dituztela azpimarratu zuen Sugarrak.


KANPAINA ETA BITARTEKOAK

Sugarra gaztetxeak, bestalde, bat egin du Gazte Koordinadora Sozialistak Burgesiaren ofentsiba gelditu! izenpean abiatutako salaketa kanpainarekin nahiz "sektore kolpatuenak babesteko" lanketarekin. Hala, GKSrekin batera, salbuespen egoeran sortu diren egoera latzen testigantzak biltzeko kanpaina jarri du martxan.

Horretaz gain, bitartekoak ere sortu dituzte, "proletalgoaren sektore kolpatuenei" zuzendutakoak. Hain zuzen, bi arlotan antolatu dituzte baliabideak: polizia jazarpena eta etxebizitzaren problematika.

Jazarpenari dagokionean, Sugarrako kideek adierazi dute Espainiako Gobernuak hartutako neurriek "polizia jazarpena areagotu dezakeen testuingurua erraztu" duela. Hortaz, "Poliziarekin arazoak izan dituzten edo izan dezaketen pertsonen" kasuen aurrean erantzuteko antolatzen hasiak dira.

Besteak beste, "norbait laguntzeko" edo "zaintza lanetarako" kalera irten behar duten pertsonak izan dituzte gogoan, sarri "haien egoera nola justifikatu" ez dakitelako. Kasu horietarako aholkularitza juridikoa martxan dute jada. Errepresioa jasan duten pertsonei (isunak, mehatxuak, kolpeak...) ere dei egin diete harremanetan jartzera, elkarrekin "konponbide bat bilatzeko".

Bestalde, etxebizitzarekin lotutako arazoak dituztenek ere gaztetxeko kideengana jo dezakete "zalantzak argitzeko eta irtenbide bat bilatzeko". Adibidez, alokairu-kontratua aurki amaituko zaien pertsonei, etxegabetuak izateko arriskuan daudenei edota alokairua modu ez-formalean ordaintzen dutenei luzatu diete harremanetan jartzeko deia.

Polizia jazarpenarekin edo etxebizitzaren problematikarekin lotutako arazoei erantzuteko, ondorengo komunikazio bideak ireki ditu Sugarra gaztetxeak: 675 381 406 telefono zenbakia eta lizarra1autodefensa@gmail.com e-mail helbidea.