AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/03/09 18:14

Arteka aldizkarian argitaratutako erreportajea —

Leninen agintaldiaren hastapenak ez ziren errazak izan, herrialdea egoera ekonomiko oso txarrean aurkitzen baitzen, Gerra Zibilaren, Lehen Mundu Gerraren eta boltxebikeen iraultzatik denbora gutxira Sobietar Errepublika inbaditu zuten estatu kapitalisten eraso inperialistaren ondorioz. Testuinguru zail horretan hasi ziren lanean Herri-komisarioen Kontseiluko arlokako arduradunak, hala nola osasungintzan, gizarte babesean eta hezkuntzan.

Gerra Zibilaren eta atzerriko esku-hartzeen testuinguruan idatzi zuten Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federatiboan 1918ko Konstituzioa. Bertan jasotzen ziren helburu politiko orokorrak: pertsonen esplotazioa deuseztatzea eta sozialismoa ezartzea. Horrez gain, herritarren oinarrizko eskubideak zein ziren jasotzen zen. Era berean, herritarren eta Estatuaren eginbeharrak zein ziren zehazten zen, baita horiek nola bermatuko ziren ere.

1922an SESB sortu ondoren, 1924, 1936 eta 1977ko Konstituzioak jarri ziren indarrean. Sobietar Konstituzioak Sobietar Batasuneko gizarte-segurantzak gerora oinarri izango zituen oinarrizko eskubideak jasotzen zituen hala nola herritarren atsedenerako eskubidea, hezkuntzara eta laguntza ekonomikorako zein pentsioetarako eskubidea.

Sobietar Batasunean Estatuak herritar ororen gaineko ardura zuen, eta Estatuaren gain gelditzen zen herritarren oinarrizko bizi baldintzak bermatzeko eginkizuna. Estatuaren babesa eta laguntza jaso zuten sektore zaurgarrienek: ezinduek, haurrek, adinekoek eta emakumeek. Baina, zein laguntza mota zituzten gizarteko sektore horiek? Zertan oinarritzen zen gizarte-babeseko sistema? Zaila da zehaztasunez horiek guztiak hemen aletzea, sobietarrek lan esparru edo ildo ugaritan esku hartu baitzuten, urte eta agintaldi desberdinetan. Horretaz jabetuta, hurrengo lerroetan zenbait zertzelada idatzi ditugu, 1917ko Iraultzaren lehen urteetan eta ondoren SEBSen gizarte-eremuetan egindako lana ezagutu ahal izateko.

LAN BALDINTZAK ETA ENPLEGUA

Iraultza boltxebikearen lehen hiru urteetan ekoizpen modu berri baterako premisak jarri zituzten mahaigainean. Kapitalismoaren, jabetza pribatuaren eta soldatapeko lanaren ustiapenaren ordez, ekonomia sistema sozialista martxan jartzeko baldintzak sortu zituzten. Garai hartan, industria, meategiak, garraioa... Estatuko aparatu zentralak administratzen zuen. Soldatapeko lana existitzen zen oraindik, baina langileen lan-indarretik ateratako gainbalioa jada ez zen edozein enpresaburu pribaturen poltsikoetara iristen. Behar sozialak asetzeko erabiltzen zen: produkzioa garatzeko, kontzientzia sozial berri bat sortzeko eta armada gorriari laguntzeko, besteak beste.

Iraultzaren ostean hartutako erabaki garrantzitsuenetako bat izan zen gizon-emakume guztiei derrigorrezko lan orokorra ezartzea. Kollontaik aipatzen zuenaren arabera, lege horrek aldaketa ugari eragin zituen emakumeen bizitzetan eta historian. «Emakumeak gizartean, Estatuan eta familian bete izan duen papera ikaragarri aldatu du derrigorrezko lan orokorraren ezartzeak, beste edozein dekretuk baino gehiago».

Lege-arau horrek, berez, legearen aurreko berdintasun formala adierazten zuen; baina aurreneko urteetan bestelakoa zen errealitatea. Izan ere, emakumeek diskriminazioa eta zapalkuntza jasaten jarraitzen zuen, gizartean errotuta jarraitzen zuten tradizio burgesen ondorioz.

Derrigorrezko lan orokorraren gaineko legearen ondorioz aldatu zen emakumeak arlo ekonomikoan jokatzen zuen rola; eta orduz geroztik kolektibitatearentzako lan baliagarri gisa aitortu zen emakumearen jarduna. Sobietar Batasuneko ekoizpen ereduan ezinbestekoa zen eskura zeuden lan-indar guztien –emakumeak kontuan hartuta– kalkulu eta banaketa zehatza; familiako ekonomia eta familia kontsumo pribatutik ekonomiaren plangintza sozialera nahiz kontsumo kolektibora aldatzea; eta plan ekonomiko unitario bat egitea.

«Langileentzat iraultzaren lehen konkista garrantzitsuenetakoa zortzi orduko lanaldia izan da. Enpresa bateko produkzio-indarren antolaketak enpresaren jarduera hiru txandatan antolatzea eragozten badu, enpresak debekatuta izango du beharginei dagokiena baino ordu gehiago egiteko eskatzea. Hau da, langileek ezingo dute asteko batezbesteko berrogeita zortzi orduko lanaldia gainditu. Bereziki kaltegarriak diren enpresetan –tabakoaren industrian eta adar kimikoko lantegi batzuetan, esaterako–, eguneko lanaldia sei edo zazpi ordura murrizten da. Emakumeek debekatuta dute gauez lan egitea. Gizonen kasuan, aldiz, zazpi ordura mugatzen da gaueko lanaldia. B bulegoko lana sei ordura murrizten da. Eguerdiko atsedenaldiak gutxienez ordu erdi eta bi ordu artekoa izan behar du. Langile guztiek astean berrogeita bi orduko atsedenaldia hartzeko eskubidea dute, etenik gabe. Urteko oporrak lau astekoak edo bi astekoak dira seihileko bakoitzaren barruan. Debekatuta dago hamasei urtetik beherako pertsonak lanerako erabiltzea, eta hamasei eta hemezortzi urte bitartekoek egunean sei orduz lan egin dezakete gehienez. Zoritxarrez, agindu horiek ez dira leku guztietan betetzen. Gerrako urte larrietan, sarritan urratu behar izan ziren agindu horiek. Askotan, presazko lanak egin behar izaten ziren berehala frontearen atzean. Gizonen oporrak lau astetik bi astera murriztu ziren, eta aparteko orduen eta gaueko lanaren kopuruak gora egin zuen etengabe, eta hamalau eta hamasei urte bitarteko haurrek egunean lau orduz lan egiteko baimena ere eman zen. 1919ko urrian, Lanerako Herriaren Komisariotzak xedapen berezi bat eman zuen, eta horri esker aldi baterako, emakumeek industriaren adar jakin batzuetan gaueko lana egin ahal izan zuten».

Lan arloko legeek, teorian, emakumeen eskubideak babesten zituzten. Aparteko orduak eta gaueko lana ematen zitzaien. Emakumeek ezin zuten beren indarrak gainditzen zituzten zereginetan jardun. Oro har, debekatuta zegoen emakumeek osasunerako kaltegarriak ziren ekoizpen-adarretan esku hartzea. Esate baterako, aipatutako xedapenetako bat da emakumeek lan-eginkizunetan esku hartzea, 10 libra baino gehiago pisatzen zuten objektuak igo behar zirenean. Hala ere, Kollontaik aitortu zuen, eskulan faltagatik eta eskura zeuden lan-indar guztiak ekoizpen-prozesuan sartzeko beharragatik, ez zirela agindu horiek betetzen.

EMAKUMEEN ASKAPENERAKO NEURRIAK

«Botere sobietarra izan da emakumeak emantzipazioa eskuratzeko baldintzak sortu dituen aurrenekoa. Mendeetan zehar emakumea esklaboa izan da. Hasieran, ekoizpen txikiaren erreinuaren pean, familiaren esklabo izan zen emakumea. Ondoren, kapitalismoaren garapenarekin, hiru arlotan zen esklabo: Estatuan, fabrikan eta familian». Armand, Inessa, 1920.

Botere sobietarrak emakume langilearen emantzipaziorako baldintza errealak jarri zituen mahai gainean, baita etxeko lanak kolektibizatzeko baldintzak ere. Emakumearen askapena ipar, Alexandra Kollontai Gizarte Laguntzarako Herriaren komisarioak hainbat proposamen mahaigaineratu zituen norabide horretan pausoak emateko. Kollontaik bidelagun izan zituen antolatutako emakume langileak.

Boterea hartu bezain laster, boltxebikeek, emakumearen askapenerako legedi aitzindari bat ezarri zuten, ezkontza zibilari eta dibortzioari buruzko dekretuak eta egoera zibilari eta etxeko harremanei, ezkontzari, familiari eta tutoretzari buruzko legeen kodea barne hartu zituena. Emakumeen eta haien haurren segurtasuna bermatzeko, kontsulta medikoak eta osasun-zentroen sare zabala antolatu ziren, baita haurtzaindegiak eta jantoki publikoak edo kantinak ere.

1918ko familia-kodeak emakumeen estatus legal baxuagoa indargabetu zuen eta legearen aurrean emakumearen eta gizonaren berdintasuna ezarri zuen. Familia-kodeak, halaber, seme-alaba legitimo eta ez-legitimoen arteko legezko bereizketak ezabatu zituen, haur guztiak legearen arabera berdinak izan zitezen; dibortzioa legeztatu zuen eta mantenu-pentsio mugagabea ezarri zuen premia kasuetarako, bai emakumeentzat, bai gizonentzat. Legedia horri emakume langilearen legezko babesa gehitu behar zaio. Zortzi orduko lanaldiari buruzko dekretua eta lan-kodearen arabera, emakume langileek 112 eguneko amatasun-lizentzia izateko eskubidea zuten, erditu baino zortzi aste lehenago eta zortzi aste geroago, eta soldata osoa jaso behar zuten. Umeei bularra ematen zieten emakumeei ordu erdiko atsedenaldia eman behar zitzaien hiru ordutik behin haurrei bularra emateko aukera izan zezaten.

1917ko Iraultzaren aurretik, haurtzaindegi gutxi zeuden Errusiar Inperioan. Dena goitik behera aldatu zen, ordea, boltxebikeek boterea hartu eta emakumeen berdintasunaren aldeko neurriak hartzen hasi zirenean, emakumeen parte-hartze aktiboa gizarteko nahiz bizitzako esparru guztietara hedatuz. 1920ko hamarkadan, lehen haurtzaindegi-sareak sortu zituzten, bai hirietan, bai landa-eremuetan.

1941ean, bi milioi haur sobietar joaten ziren haurtzaindegietara. 30 urteren buruan, 12 milioi ziren haurtzaindegien erabiltzaileak. 1959an haurtzaindegiak eta haur-eskolak batzen zituen sistema berria sortu zuten, eta horri esker Estatuak umeen gaineko ardura hartzen zuen, bi hilabete zituztenetik zazpi urte bete arte, eta modu horretan eskolara joateko aukera bermatuta zuten.

SESBen haurtzaindegiei eskolaurreko erakunde deitzen zitzaien, eta haurrei kalkulu eta idazketa nozioak, musika, dantza eta marrazketa txikitatik irakasten zitzaizkien.

JANTOKI ETA KANTINA PUBLIKOAK

Urriko Iraultzaren ondorengo urteetan, Estatuak langileei zuzendutako programa bat jarri zuen martxan: jantoki publikoak edo kantinak. Langileei zuzendutako jantoki haiek zentzu politiko eta ikuspegi komunistarekin jarri ziren martxan. Elikadura kolektibo antolatuaren ideia ondo egokitzen zen Sobietar Estatu gaztearen ideologiarekin; emakumea «sukaldaritzaren esklabotzatik» askatu behar zen eta askatasuna eta lana eman behar zitzaizkion. Sukaldeak lantegi bihurtu eta azpikontratatu egin behar zirela iritzita, horretarako aukeraren alde egin zuten. Beraz, iraultza sozialistarekin batera, emakume langileen eguneroko bizitzan iraultza bat eman zela esan daiteke. Sobietar Batasunak emakumeen eguneroko bizitzaren antolaketa erabat berregituratu zuen. Izan ere, nahitaezko lan orokorraren ondorioz, emakumeen egoera erabat aldatu zen.

Sistema ekonomiko berriak pertsonen bizitzetan, ohituretan, kontzientzian eta itxaropenean nola eragin zuen aztertu zuen Kollontaik. Haren arabera, «ekonomia komunistarentzat beharrezkoa den premisetako bat kontsumoaren antolaketa aldatzea da. Kontsumoaren sektorearen berrantolaketa printzipio komunisten arabera egin behar da, eta ezin da mugatu, inola ere, etorkizuneko eskariaren kalkulu ahalik eta zehatzena egitera edo dauden ondasunen banaketa justura». Hausnarketa horretatik abiatuta sortu zituzten jangela sozialak edo kantina publikoak.

«1918ko udazkenetik aurrera, eskuragarri zeuden kantina publikoak ia hiri guztietan, etxebizitza unifamiliarretako joerak ordezkatzeko eta haur zein gaztetxoentzako doako otorduak eskaintzeko. Dena den, baliabide eskasia tarteko, kantina publikoak gehiago garatzea eta ekimen hori gizarte osoarentzat praktikan jartzea zaila izan da. Hasiera batean hornidura kolektiboko sistema antolatu eta beharrezko banaketa-zubiak diseinatu genituen. Baina, zoritxarrez, hornikuntza zentral planifikaturako elikagaiak falta zaizkigu. Estatu inperialistek eraginkortasunez blokeatu dute gure herrialdea, eta, aldi berean, eragotzi dute beste herri batzuek guri produktuak ematea. Finean, baliabide eta elikagaien eskasia orokorra den garaiotan, herritarrei modu zentralizatuan bana dakizkiekeen produktuen hornikuntza blokeatu dute. Hala eta guztiz ere, kantina publikoak hirietako biztanleen errutinaren parte sendo bihurtzea lortu dugu, baita onartua izatea ere, nahiz eta hornikuntza eskasa izan» (A. Kollontai: Emakumea gizarte garapenean).

Kantina edo jantoki publikoetan eskaintzen zituzten elikagaiak merkeak ziren, baina asetzeko modukoak. Zerbitzuaz gozatzen zutenek, egunkariak eta aldizkariak irakurtzeko, xakean jolasteko edo lankideekin hitz egiteko aprobetxatzen zuten otorduen unea.

Gizarte Laguntzarako Herriko Komisarioak argitaratutako datuen arabera, 1919an eta 1920an, Petrogradeko biztanleriaren ia %91 eta Moskuko %60 herri kantina publikoen bidez hornitu zen. 1920an 12 milioi pertsona elikatu ziren kantina horietan, haurrak barne. Kantinak oso denbora gutxian iritsi ziren eskoletara. Jantoki publikoetako zerbitzuei esker, gurasoei haurren otorduen gaineko zama arintzea lortu zuten; hori zen xedeetako bat. Era berean, haurrek elkarrekin jateko ohitura garatzeko aukera ematen zuten kantina publikoek.

Jantoki sozialak edo kantina publikoak, etxebizitza unifamiliarrekin alderatuta, langileei abantailak eskaintzen zizkieten instituzioak ziren, horiei esker emakume langileei lan-indarra, energia eta elikagaiak aurrezteko aukera eskaintzen zietelako. Esperientzia praktiko horiek oso garrantzitsuak izan ziren emakume komunistentzat, diseinatzen ari ziren etorkizuneko politika ekonomikorako gidalerroak ordura arte bizitako esperientzietan oinarritu behar baitziren.

ETXEBIZITZA KOLEKTIBOAK

Etxebizitzaren bueltan hartutako erabakiek ere eragina izan zuten emakumeen bizi-baldintzetan eta kontzientzian. 1917ko iraultzaren ondoren agertu ziren etxebizitza kolektiboak –kommunalka ere deituak–, etxebizitzen stocka jabari publikokoa izatera igaro zenean. Agintariek hiritar dirudunen etxebizitzen jabetza hartu eta maizter berriei ireki zizkieten ateak. 1920ko hamarkadan jende ugari mugitu zen hiri handietara, janari eta lan bila, eta migratzaile haietako askok hartu zuten ostatu etxebizitza kolektiboetan. Fabrika edo lantegi batean lan bat aurkitzeak eskubidea ematen zien herritarrei kommunalka batean logela bat lortzeko.

Elkar ezagutzen ez zuten askotariko pertsonak biltzen ziren etxebizitza mota horietan: nekazariak eta unibertsitateko irakasleak, intelektualak eta meatzariak... Nahiz eta bakoitzak bere bizilekua zuen, bazeuden elkarbanatzen zituzten espazioak, hala nola sukaldea eta komuna.

Etxebizitza horien helburuetako bat alokairuko etxebizitzak ordezkatzea zen, izan ere, sobietek banakako etxebizitzek familiak isolatzen zituztela pentsatzen zuten eta gizarte-harreman komunistak garatzeko oztopo handia zirela. Komunitate berrien bidez, bizimodu komunitarioko esperientziak martxan jarri nahi izan zituzten, eta, besteak beste, arropa-garbitegi zentralizatuak, haur-eskolak, jantokiak... Horrela, emakume langilea askatzeko baldintzak sortzen hasi ziren; izan ere, etxeko lanak komunitatearen ardura gisa ulertzen ziren, eta ez emakumeak familia-unitatearen barruan zuen betebehar gisa. Hala ere, etxebizitza komunek ez zuten alokatutako pisua ordezkatu, eta hiri bateko biztanle gehienak, lehen bezala, etxe partikularretan eta familietan bizi baitziren. 1928an etxebizitzen alokairurako prezioak izoztu zituzten.

Emakume sozialistek lorpen gisa ulertzen zuten gizartearen zati handi batek hartutako jarrera, ulertzen baitzuten prest zeudela familia-bizitza tradizionaleko gizarte-arauak gainditzeko. Horrela adierazi zuen Kollontaik: «Hala ere, gerta liteke oraindik bakarrik bizi diren gizon-emakume askok, eta baita familiek ere, etxe batean plaza lortzeko ahaleginak egitea, bizi duten egoera ekonomiko zailagatik bakarrik. Hala eta guztiz ere, guretzat oso interesgarria da gure etxeak, testuinguru zailean sortzen direnak, hiriko biztanle askok alokatutako etxebizitza partikularrak baino hobetsiagoak izatea alderdi askotan. Datuen arabera, 1920an 23.000 etxe zeuden Moskun. Horietatik % 40 ingurutan, hau da, 9.000 baino gehiagotan, etxebizitza-komunitate kolektiboak edo banakako etxebizitza-unitateak zeuden. Beraz, gure langile-errepublikan aurkitu ditugu dagoeneko emakumeak beren etxeko lan inproduktiboetatik poliki baina segurtasunez askatzeko baliabideak eta prozedurak».

ABORTURAKO ESKUBIDEA

Boltxebikeen gobernuak emakumeen babes sozialerako eta askapenerako hartutako neurri horien esparru eta testuinguruan ulertu behar da 1920ko azaroaren 10eko abortua legeztatzeko dekretua. Sobietar Batasuna izan zen haurdunaldiaren borondatezko etetea legeztatu eta ospitale publikoetan doan praktikatzeko aukera eman zuen lehen herrialdea. Abortua legeztatzeko dekretu sobietarrak hainbat lege-neurri ezarri zituen, emakumeen eta gizonen arteko legezko berdintasuna ezartzeko eta emakume langileen legezko babesa bermatzeko.

Gobernu boltxebikeak emakumeentzako eta haien haurren babeserako instituzioak sortzeko beharra azpimarratu zuen, aborturako aukera mahaigainean utzita ere. Agintariek ahal zuten guztia egin zuten abortuaren legeztatzea emakumeak ama gisa babesteko diseinatutako politiken testuinguruan jartzeko. Dekretu sorta zabala aldarrikatu zuten eta «amatasunaren eta haurtzaroaren aldeko» kanpainak hasi zituzten. 1920ko martxoan eta apirilean, amatasunaren eta haurren lan ildoen gaineko ardura formalki igaro zen Lan eta Gizarte Ongizateko komisariotzatik Osasun Publikoko Komisariotzara, eta modu horretan, Nikolai Semashko Osasun Publikoko Komisarioaren ardurapean gelditu zen lanerako arlo hori. Semashkok ama gazteentzat etxe bereziak sortzeko eskatu zuen, erditu baino lau hilabete lehenago eta hilabete geroago atseden hartzeko eta abortuak saihesteko, batez ere oraindik seme-alabarik izan ez zuten emakumeen artean.

1920ko uztailaren 1ean, haurdun zeuden emakumeak babesten zituen dekretu berri batek zortzi asteko amatasun-lizentziarako eskubidea berretsi zien lan fisikoak egiten zituzten langileei, eta denbora horretan lan-erreklutamendu mota guztietatik ere askatu zituen.

Abortuaren praktikaren auzia sakonean aztertu zuen gobernuak, eta ondorioetako bat izan zen abortuak saihesteko ezinbestekoa zela haurdunaldiaren plangintzan eta haurren zaintzan zein hezkuntzaren sozializazioan aldaketak egitea. Etxeko esklabotzaren abolizioak, aldi berean, emakumearen benetako emantzipaziorako eta familia forma berri baten sorrerarako oinarri materialak sortuko lituzkeela iritzi zioten.

HEZKUNTZA

1917ko Urriko Iraultzaren ondoren, Herriaren Hezkuntzaren Komisariotza izan zen hezkuntza publikoaren administrazioaz, kultura eta artearekin lotutako gaiez arduratu zen instituzioa. Anatoli Lunacharski izendatu zuten herriko komisario, eta horrela izan zen 1929 arte. Nadezhda Krúpskayak ere, beste askoren artean, esku hartu zuen hezkuntzaren arloko erabakietan. Komisarioan ere bazeukan bere lekua.

XIX. mendearen amaieran, biztanleriaren % 21 analfabetoa zen. Sobietarrek «Likbez» (analfabetismoaren likidazioa) izeneko kanpaina jarri zuten martxan, analfabetismoari aurre egiteko hezkuntza bulego sare bat sortuz herrialde osoan zehar. Hala ere, 1926an milioi bat pertsona baino ez ziren alfabetatu. 1939rako, bultzatutako hezkuntza programari esker, 40 milioi pertsona inguruk irakurtzeko oinarrizko trebetasunak eskuratu zituzten. Hala ere, aurrerapen handia 1930ean gertatu zen, lehen hezkuntza unibertsala indarrean sartu zenean. 1940ko hamarkadaren hasieran analfabetismo masiboaren arazoa konponduta zegoen.

SESBek Estatuaren aparatu ideologiko gisa ulertzen zuen eskola. Beraz, eskola eta hezkuntza arloa egituraren parte ziren eta sozialismoaren balioak transmititzen zituzten. Boterea hartu ondoren, sobietarrek irakaskuntza publikoa eta masen hezkuntza tresna iraultzaile gisa ezarri zituzten. Emakumeak eta landa-munduaren alfabetatzea izan ziren abian jarri zituzten hezkuntza-erreformen helburuetako bi. Ahalegin handiak egin ziren derrigorrezko hezkuntza, unibertsala eta doakoa ezartzeko, eta lortu zen. Era berean, ulertzen zuten pertsona bakoitzaren heziketa ez zela gelditzen eta ez zela mugatzen eskolan ezagutzak eskuratzera. Hezkuntzak prozesu pertsonal iraunkorra izan behar zuen, sozializazioan izandako esperientziarekin eta etengabeko analisi kritikoarekin aberastua.

Prozesu iraultzailerako eta ikaskuntza kolektiborako, nekazari eta langile masen alfabetizazioak lehentasuna izan zuen.

OSASUNA

Urriko Iraultzaren ostean, boltxebikeek hutsetik hasita eraiki zuten osasun sistema berria. 1917ko Iraultzaren eta Gerra Zibilaren (1917-1922) ondorengo urteak zailak izan ziren. Estatu Sobietar sortu berriak kolera, sukar tifoidea eta baztanga izurrite suntsitzaileak jasan zituen. Egoera beltz hartan sortu zen Osasun Publikoko Herriaren Komisariotza, Nikolai Semashko buru zuena.

Egoera larri haren aurrean, osasun-politikak aldatzeko lan ildoak jarri zituzten martxan; horien artean osasungintza arloko hezkuntzaren hedapena, ezinbestekoa baitzen gizartea kualifikatzea gaixotasunen aurka borrokatzeko. Osasunerako hezkuntza funtsezkoa zen, gaixotasunei aurre egiteko eta aurrea hartzeko ez ezik, baita herritarren etengabeko osasuna bermatzeko ere.

Nikolai Semashkok proposatutako arreta medikoko sistema hainbat ideiatan oinarritu zen: arreta medikoa antolatzeko eta zentralizatzeko printzipio komunak, herritar guztientzako arreta medikorako sarbide-berdintasuna, prebentzio-metodo eta tratamendu bateratuak, gaixotasunen oinarri soziala ezabatzea eta neurri sanitario, epidemiologiko eta terapeutiko zabalak hartzea, haurrei eta emakumeei lehentasuna emanez. Sobietar Batasuneko 1936ko Konstituzioan doako osasun-arretarako eskubidea oinarrizko eskubide gisa ezarri zen, hezkuntzarako eskubidearekin, lanerako eskubidearekin eta abarrekin batera.

Osasun sistema sobietarra doakoa eta zentralizatua zen. Osasun-langile guztiak, espezialitate desberdinetakoak, Estatuko enplegatuak ziren. 600.000 medikuk baino gehiagok eta kualifikazio ertaineko bi milioi langilek zaintzen zuten SESBeko herritarren osasuna. Herritarrek bizi ziren lekuan bertan edo handik hurbil jaso zezaketen arreta medikua. Aurrerapen ikaragarria izan zen hura. Urte gutxiren buruan izugarri egin zuen gora Sobietar Batasunean zeuden ospitaleen kopuruak.

Gaixoen edo pazienteen gertuko arreta-puntua lehen sorospenetarako postuak ziren. Haien ondoren, pazienteak beren barrutietako polikliniketara joan zitezkeen. Beharrezkoa bazen, barrutiko edo hiriko ospitaleetan jasotzen zuten laguntza. Kasu bereziki larrietan, pazienteak erakunde mediko espezializatuetara bidaltzen zituzten. Haurrentzako antzeko sistema bat ezarri zen.

Osasungintza ez zen langile eta nekazariei zuzendutako zerbitzu soila. Langile sindikatuek, nekazaritza kooperatibek, sobietek eta, oro har, biztanleek aktiboki parte hartzen zuten bere plangintzan; osasun sareak jarri baitzituzten martxan. Sobietar Batasuneko osasun-sistema XX. mendeko lehen hamarkadetako osasun-antolaketa aurreratuena zen. Osasun arloko politika sozialistek mediku, erizain eta parteren prestakuntza garatzea ahalbidetu zieten. Horrela, bada, bizi-itxaropena handitu zuten, haurren eta amen hilkortasuna gutxitu zuten, gaixotasun infekziosoei eta sexu-transmisiokoei aurre egin zieten…

Sobietar Batasunean arreta handia jarri zen tratamendu medikoetan, baina baita metodo prebentiboetan ere. Sendagai ugari sortu ziren, batez ere gaixotasun benereoetan, alkoholismoan eta tuberkulosian zentratuta. Prebentzio neurri orokorretako bat injekzioa zen, derrigorrezkoa denentzat: hasi umeengandik eta helduenganaino. Ohikoa zen herritar bati lan bat ukatzea txerto zehatz batzuk jasotzea onartzen ez bazuen.

Sobietar Batasuneko arreta medikoaren sisteman, ospitaleak eta poliklinikak ez ezik, erietxeak eta langileentzako deskantsurako zentroak edo bainuetxeak ere sartzen ziren. Erietxeak tratamendu medikoaren zati jarraitua ziren, eta bainuetxeek ere zeregin garrantzitsua zuten errehabilitazioan. Nobleziarenak izandako jauregietan egokitu zituzten langileentzako, nekazarientzako zein soldaduentzako bainuetxeak. Horren adibide da, esaterako, Livadiako jauregia.

Erreportaje honetan jasotakoak Sobietar Batasunaren lehen urteetan gizarte-babeserako hartutako neurriei buruzko zertzelada batzuk baino ez dira. Esperientzia hartatik irakaspenak ateratzeko ezinbestekoa da arlokako azterketa sakonagoa egitea.