AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: ELA Donostia
2019/07/07 19:03

Zaintzaileak zainduz, bizitza zaindu! lelopean, Donostiako (Gipuzkoa) bulebarretik abiatu zen Gipuzkoako zahar egoitzetako eta eguneko zentroetako beharginen mobilizazioa, larunbat arratsaldean. Hala eman zioten amaiera Donostian bertan egindako hiru eguneko kanpaldiari. Manifestazioan "jende ugarik" parte hartu zuela nabarmendu zuten, baita euren borrokak "interesa" pizten duela azpimarratu ere.

Ikasturte amaieran, 26 greba egun deitu zituzten Gipuzkoako erresidentzietan eta zentroetan; ekainaren 17tik uztailaren 12ra bitartean, hain zuzen. Soldata igoeraren eta ratioen jaitsieraren aldeko aldarrikapenak dira ardatz, eta langileek 80 egun baino gehiago daramate borrokan. Oraindik ez dute indarrean jarri ELA sindikatuak eta patronalak lan hitzarmenaren inguruan erdietsitako akordioa, eta erresidentzietako langileek Gipuzkoako Foru Aldundiari leporatu diote hitzarmen berria martxan ez jarri izana.

Hala, euren egoera aldatzen ez den bitartean, grebak eta mobilizazioak egiten jarraituko dutela adierazi dute beharginek.