AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Adinekoen egoitzetako langileen elkarretaratzea Donostian. Argazkia: @ELAsindikatua
2020/05/20 18:14

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileak mobilizazioetara itzuli dira, salbuespen egoerak etendako borrokari ekiteko prest. Gaitza “gertutik jasan dutela” gogora ekarri dute beharginek, eta Foru Aldundiak haien aldarrikapenak entzun ezean “ez dutela greba berriz deitzea baztertzen”.

Donostian (Gipuzkoa) egin duten elkarretaratzean “langileen eta adinekoen bizi zein lan baldintzak hobetzea” izan dute aldarri. Bertan azaldu dutenez, soldata-arrakalaren eta lan baldintzen inguruko eskakizunak “indartu eta legitimatu egin dira osasun-krisiarekin". Horrez gain, krisialdiak zenbait ikasgai utzi dituela ere azpimarratu dute, hala nola, “emakumeek egoitzetan egiten duten lana funtsezko zerbitzu publikoa dela”, eta “adinekoen zaintzari etekin ekonomikoa lehenesten dion ereduak heriotza ugari uzten dituela”.

Sasi-laguntza

Langileek salatu dutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak “ez du inongo irakaspenik atera”. Kontrara, “laguntza faltsua eman izana” egotzi diote erakundeari. Izan ere, ELA sindikatua zenbait bilera bultzatzen saiatu omen den arren, “Aldundiak guztiei uko egin die”. Maiatzaren 5ean izan zen azken bilkura, bertan Markel Olano Diputatu Nagusiari bilera bat eskatu zioten gutun bidez. Gutunak, ordea, ez du inongo erantzunik jaso.

Babesgabe

Osasun-krisialdian zehar “egoera zaurgarrian” aurkitu direla salatu zuten beharginek joan den astean. Berez jasaten dituzten baldintzez gain, ezohiko egoeran zehar pairatu behar izan dituzten “langile zein material falta” salatu zituzten. Ondorioz, “grebaren beharrizana” ekarri zuten gogora.

Erantzukizunak

Aldundiari eta sektoreko enpresei “hitzarmenaren negoziazioaz arduratzea” eskatzen diote lehen urrats gisa. Erantzuleok, ordea, ez dute halako keinurik egin bi urtetan. Ondorioz, hitzarmen kolektiborako konpromisoa aldarrikatu dute.