Gaur eman diote hasiera bost asteko grebari EHUko garbitzaileek

Duela bi aste iragarri modura, bost aste iraungo duen greba hasi dute EHUko garbitzaileek. Hala, 'Lan berdina, soldata berdina' lemapean, lan baldintzak berdindu daitezen eta indarrean beharko lukeen lan hitzarmena bete dadin aldarrikatuko dute berriro. Beharginen deialdia babestu dute UIBk eta GUETek, eta gaur goizeko protestetara batu dira.
Argazki Nagusia
Argazkia: GUET
2020ko martxoaren 2a

Iragan hilean aditzera eman zuten gisara, bost asteko greba hasi dute gaur EHUko garbitzaileek. Lan berdina, soldata berdina izenpean ekin diote grebari. Izan ere, Eusko Jaurlaritzarentzat garbiketa-lanetan aritzen direnekin alderatuta, %13 gutxiago kobratzen dute EHUko garbitzaileek. Gainera, langileen %40ek lanaldi partzialetan jarduten du, eta enpresek uko egiten diote lanaldiak luzatzeari.

Otsailean, euren gain duten lan karga "eramanezina" eta egoera "jasanezina" direla salatu zuten langileek; Hezkuntza Saileko garbitzaileek garbitu beharrekoa mugatua duten bitartean (1.240 metro), EHUk azpikontratatutako beharginek 2.500-2.800 metro egiten dituzte. Halaber, gaitz fisiko zein psikikoak dituztela adierazi zuten; antsietatea, kasu.

Hala, lana eten eta greba egitea erabaki zuten, hezkuntza komunitateko kideak ere badirela aldarrikatzeko, besteak beste.

Hitzarmena jopuntuan

Bestetik, bost urtez lortu nahian ibili diren lan hitzarmena sinatzea da garbitzaileen aldarrikapen nagusietako bat. Duela bost urte indargabetu zuten sektoreko hitzarmena, eta hain zuzen, denbora hori daramate borrokan azpikontratatutako langileek.

Enpresak jada ez dira negoziazio mahaiaren bileretara agertzen, eta ez dute hitzarmen zaharra betetzen, gainera. 2000. urtean sinatu zen akordioak barnebildu zuen hainbat plus kobratuko zituztela beharginek, baina oraindik ez dituzte jaso. Hala, enpresek plus horiek ordaindu ditzaten ere exijitzen dute.

GUETen eta UIBren babesa

Gaur hasi dute bost astez luzatuko den greba, eta gaur ere, haien ondoan izan dira Gasteizko (Araba) campuseko Unibertsitateko Indar Batasuna eta Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldea. 10:00etarako zuten hitzordua campuseko Errektoretzan, eta mobilizazioak zein piketeak egin dituzte. Langileen ondorengo deialdiekin ere bat egin dute UIBko eta GUETeko kideek.

Martxoaren 8aren atarian, aste osoko egitaraua prestatu du GUETek. Biharko, martxoak 3, Lan feminizatuak debaluazioaren espresio mahai-ingurua antolatu dute, EHUko garbitzaileekin batera egingo dutena. Gizarte Langintza Fakultateko bigarren mintegian izango da saioa, 10:30ean.

Ostegunerako, hilak 5, mobilizazioa deitu dute campusean, 13:00etan.